AKTUALITATEA

| 2019-10-24

"Onartezinak eta mingarriak" iruditu zaizkio EH Bilduri Francisco Franco diktadore espainiarraren gorpuzkiak Erorien Haranetik Mingorrubioko hilerrira eraman dituztela aprobetxatuz haren senideek eta jarraitzaileek antolatu dituzten omenaldi frankistak: familiak "Viva España, viva Franco" oihuekin agurtu du gorpua Erorien Haranetik atera dutenean eta frankismoari gorazarre eginez harrera egin diote Mingorrubion, polizien onarpenarekin. Koalizio subiranistak gogorarazi du Memoria Historikoaren Legeak espresuki debekatzen dituela frankismoa goratzeko ekitaldiak eta salagarria deritzo Espainiako Justizia ministro Dolores Delgadok gertakariok lehen pertsonan bizi izana.

EH Bilduren arabera, ezker subiranistak urteotan eginiko diagnostikoa baieztatzen dute gaur antolatutako ekitaldiek. Franco hil eta ia 45 urtera, frankismoa presente baitago Espainiako Estatuaren egitura judizial, ekonomiko eta politikoetan. Koalizio subiranistaren ustez, Francoren deshobiratzea motz geratzen da, ez da nahikoa pauso gehiago ematen ez badira, eta ezinbestekotzat jo du Estatuko erakundeak desfrankizatzea, Erorien Haranean lurperatutako euskal herritarrak aberriratzeaz gain, berriki Gasteizko Legebiltzarrean eskatu bezala.

Hori dela eta, EH Bilduren hitzetan, premiazkoa da Espainiako Gobernuak Kongresuan azalpenak ematea gaur gertatutakoaren inguruan; berehala esku hartzeko eskatu dio ezker subiranisten koalizioak. Zentzu horretan, ERC eta Junts per Catalunyarekin batera, EH Bilduk Espainiako Justizia ministroaren agerraldia galdegin du Kongresuko Diputazio Iraunkorrean azal dezan zergatik baimendu dituzten Erorien Haranean eta Mingorrubion antolatuko ekitaldi frankistak. "Zer-nolako neurriak hartuko ditu?", galdetu du EH Bilduk. Izan ere, frankismoko biktimak erreparatu ordez, Franco diktadorearen alde eginiko omenaldi frankistek biktimen mina eta samina areagotu besterik ez dute egin, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen duten bitartean.