Albisteak

EH Bilduk akordioa egin du PSOE eta Unidas Podemosekin Lan Erreforma indargabetu eta tokiko erakundeen gastu gaitasuna handitzeko


Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoen konpromisoa lortu du EH Bilduk, tokiko erakunde foral eta autonomikoek gastu gaitasun handiagoa izan dezaten Covid-19ak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko politika publikoak martxan jartzeko.

EH Bildu | 2020-05-20 20:21:00

Euskal Herria Bilduk akordioa izenpetu du gaur PSOE eta Unidas Podemosekin, PPk 2012an martxan jarritako Lan Erreforma "osasutasunean" bertan behera uzteko. Akordioa sinatu duten indar politikoen arabera, Covid-19ari lotutako krisiaren ondorioz hartu beharreko "ezohiko neurri ekonomiko eta laboralen ezarpena amaitu aurretik" gauzatu beharko du Lan Erreformaren indargabetzea Espainiako Gobernuak. Konpromiso hori jaso dute hiru alderdiek hitzarmenean.

Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoekin lortutako akordioari esker, tokian tokiko erakunde foralek eta autonomikoek gastu gaitasun eta malgutasun handiagoa izango dute herritarren mesederako politika publikoak martxan jartzeko eta Covid-19aren krisiak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko.

Udalek, halaber, politika sozialetara bideratzen duten dirua gastu arauaren zenbaketatik at uztea eta kontuan ez hartzea adostu du EH Bilduk PSOE eta Unidas Podemoserekin. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren zorpetze gaitasuna soilik beren erakundeen finantza egoeraren arabera ezartzeko konpromisoa lortu du ezkerreko indar subiranistak.

Abstentzioa, Alarma Egoera luzatzeko bozketan

Euskal Herria Bilduren Kongresuko bost diputatuek alarma egoeraren luzapena ez oztopatzeko eta gaurko bozketan abstentziora jotzeko konpromisoa dakar akordioak. Aldi berean, hitzarmena garaiz eta edukia errespetatuz betetzeko konpromisoa hartu dute PSOEk eta Unidas Podemosek, eta adostutako neurrien aurrerapen, garapen eta ezarpenaren berri emango diote Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioari.

Estatuko herrien eta langileen babes sozial eta ekonomikoa bermatzeko eta sakontzeko ezinbesteko neurrien artean kokatu dute EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek gaur izenpetutako hitzarmena. "Neurri hauek Euskal Herriko gehiengo sozialaren eta euskal langileriaren bizi baldintzak hobetzea dute jomuga, baita Espainiako Estatuko langileenak ere", zehaztu dute sinatutako itunean.