AKTUALITATEA

| 2024-01-11

Euskal preso politikoen eskubideen alde larunbaterako Sarek deitutako manifestazioan parte hartuko du EH Bilduk eta euskal herritarrak bertan egotera gonbidatu ditu, Bilboko kaleak elkartasunez eta konpromisoz betetzeko. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzaileak, Oihana Etxebarrieta hauteskunde kanpainako bozeramaileak eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak osatuko dute EH Bilduren ordezkaritza.

Aurrerapenak ukatzerik ez badago ere, preso politikoek espetxe politika normalizatua eskuratzeko dituzten oztopoak handiak dira oraindik. Salbuespenezko legediak, urruneko auzitegietako interpretazio murriztaileak, Estatu sakoneko aparatuen esku-hartzea kausa berriak irekitzeko... Horri gehitu behar zaio azkenaldian ikusten ari garen jazarpen mediatiko eta judizial bat, bidezko aldarrikapenak baino ez direnen aurka. Eskaera horien helburua da presoek bere askatasunerako eta gizartera itzultzeko duten eskubidea betetzea. Ekimen horiek kriminalizatzeak herri honetan jada gaindituta dauden garaietara garamatza. Horregatik, inoiz baino arrazoi gehiago ditugu Bilboko kaleak elkartasunez eta konpromisoz betetzeko, deitzaileek dioten bezala, konponbiderako giltza izan gaitezen, euskal presoak etxeratzeko atea ireki dezagun.

Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu larunbatean 16:00etan La Casillan egingo den manifestazioan parte har dezaten.