AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-10-13

Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchez EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruarekin eta Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietarekin bildu da gaur Kongresuan, inbestidurari buruzko bilera sortaren barruan. Lehenik eta behin, bilkurak Euskal Herriari eta Estatu osoari helarazten dien irudia nabarmendu du EH Bilduk.

Haserrealdia, zarata eta modu txarrak eztabaida politikoari gailentzen ari zaizkion testuinguruan, gaurko topaketak jarduera politikoa ulertzeko eta egungo momentu historikoan kokatzeko modu bat erakusten du, erantzukizunean eta errespetu etengabean oinarrituta, beste edozein interesen gainetik.

Bileraren edukiari dagokionez, joan den uztailaren 23ko hauteskundeetako emaitzek marraztu duten agertokiaz egiten duen irakurketa partekatu du EH Bilduk Pedro Sanchez jarduneko presidentearekin. Sigla politikoen gainetik, Euskal Herriaren gehiengo zabalak agindu argia bidali zuen: PP-VOX buru duen bloke erreakzionarioari gobernua osatzen ez uztea eta aukera hori uxatzea. Konpromiso irmo hori berretsi dio EH Bilduk Sanchezi, ezker independentistak agindu hori beteko duelako, erakunde guztietan egin duen bezala.

EH Bilduk esaten duena egiten du eta egiten duena esan. Horregatik ez du espekulatzen, ezta zalantzati jokatzen ere, une erabakigarri honetan duen jarrerarekin. Ultraeskuina geldiaraztea agindu demokratikoa da, eta erantzukizun eta determinazio osoa dauka EH Bilduk helburu horrekin. Eskuin atzerakoiak geldiaraztea ezinbesteko baldintza da legegintzaldi berri bati hasiera emateko. Legegintzaldi berri horrek, EH Bilduren hitzetan, pauso sakonak eman behar ditu euskal langileen eta Estatukoen eskubide sozial eta ekonomikoen zabaltzeko, Euskal Herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa egonkortuko duten politikak egiten jarraitzeko eta Estatuaren nazioaniztasunari eta gure herriaren eskubide nazionalei buruzko eztabaida behingoz irekitzeko.

EH Bilduk Pedro Sanchez jarduneko presidente eta hautagaiari adierazi dio prest dagoela azken legealdiko neurri positiboenei jarraipena emango dien agintaldia garatzen eta sendotzen laguntzeko, baina anbizioa galdegin dio zintzilik dauden gaiak determinazioz konpontzeko. Bilera giro eraikitzaile eta positiboan egin da, eta mugarri garrantzitsua da elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan oinarritutako konfiantzazko ziklo bati ekiteko.