Arnaldo Otegi:
Aurrekontuen negoziazioen inguruan, gogora ekarri nahi dut iaz egin genuen proposamena. Gure proposamena oso zentzuzkoa dela uste dugu. Iaztik hona herri gisa ditugun arazoak aldatu dira? Ez. Iaz esaten genuen hemen badaude arazo batzuk eta arazo horiei lehentasunez egin behar zaie aurre. Egoera honetan, guretzat ez dauka logika handirik aldundiz aldundi edo instituzio bakoitzean aparte hitz egitea aurrekontuei buruz. Logika politikoak bestelakoa izan behar du. Begiratu behar da diru-kutxan zenbat diru dagoen eta, horren arabera, erabaki behar da zenbat eta non inbertitu behar den. Zentzu horretan, lau aurrekontu horiek, hiru foru aldundietakoa eta Eusko Jaurlaritzakoa komunean eztabaidatzeko proposamena egin genuen.
Aurten, gonbidapena egin nahi diet PSEri eta EAJri. Logika politika horri jarraituta, eser gaitezen EAEko lau instituzio nagusietako aurrekontuez hitz egitera. Ikusteko zenbat diru daukagun eta non inbertitu behar dugun. Guk prestatutasun osoa daukagu bloke horretan eta termino politiko horietan hitz egiteko, adosteko zenbat diru daukagun eta non inbertitu behar den.
Momentuz ez da egon elkarrizketarik, baina espero dut egiten dugun proposamenak erantzun bat izatea. Iaz ez bezala, aukerak egon daitezke gauzak beste modu batera egiteko. Egiten dugun gonbidapena mahai gainean dago eta bideak irekita daude.