AKTUALITATEA

| 2025-09-08

Gaur, Irailak 8, Diasporaren Eguna ospatzen dela, artikulu honen hasierako lerroetan, munduan zehar barreiaturik dagoen euskal komunitate osoa zoriondu nahi dugu. Eta horrekin batera, efemeride honek eskaintzen duen aukera baliatuz, EH Bildurentzat ezinbestekoa den eremu honen gaineko gogoeta batzuk partekatu nahiko genituzke, urte askoren ostean pilatutako hausnarketa eta esperientzia kolektibotik abiatuta.

 

Izan ere, EH Bilduren ibilbide politiko osoan zehar, hasieratik egon da presente  zortzigarren lurraldearen aitortza eta, bereziki, nazio eraikuntza eta askapen prozesuan duen funtsezko eginkizunaren onarpena.

 

Esan gabe doa, Euskal Herriak  bere askatasuna erdietsi nahi badu, berau osatzen duen askotariko herritarren ekarpena jaso beharko du, gure nazioak indar-metaketa aberatsa eta plurala eskatzen baitu. Halaber, ezinbestekoa da  eskura dugun kapital humano guztia baliatzea, gutako bakoitza edonon dagoelarik ere, batzuek ahotan duten “diplomazia” lan hori egin dezagun.

 

Horrenbestez, kanpoan bizi den euskal komunitatearekin herri gisako sinergiak sortzea eta elkarlanak sendotzea izan da EH Bilduren helburu nagusietako bat. Lan horretan aritu da azken urteotan Jasone Agirre eta, azken legealdi honetan, garrantzi bereziko misio horren lekukoa hartu dugu Marije Fullaondok eta neronek.

 

Lege berriaren erronkak

Egiteko horretan, erabakigarria da egun indarrean dauden tresna batzuen egokitzapena bultzatzea. Beraz, printzipioz EAEn legegintzaldi honetan bideratuko den Diasporaren Legearen proiektua aipatzea dagokigu oraingo honetan. 

 

Arlo juridikoak euskal diasporarekin harremanak lantzeko oinarri bat eskaintzen digu. Oinarri hori, ordea, gaur egungo testuinguruari egokitu behar zaio, indarrean dagoen legea 1996. urtekoa delako. Garaian aitzindari izan zen arau hura, ezinbestean, zaharkituta geratu da gaur egun. 

 

Horrexegatik, hain zuzen, Legearen eguneraketa prozesu garrantzitsu bat izango da sarreran aipatu ditugun erronka horiei ganoraz heldu eta tamainako erantzunak emateko.

 

Zehazki, legeak kanpoan bizi den euskal komunitatearen eginkizuna aitortu eta nazio eraikuntzan ekarpena egiteari lotutako berrikuntzak eskaini behar ditu. Eta oinarri horrek ateak ireki behar dizkio funtsezko bi eztabaidari, gutxienez: batetik, euskal diasporaren subjektuaren definizioa irekitzeari eta, bestetik, diasporaren parte hartze politiko, ekonomiko eta kulturala zabaltzeari.

 

Beste era batean esanda: XXI. mendeko joera globalek bete-betean harrapatuta gaudela, lege berriak aukera eman behar liguke egun euskal diaspora nork osatzen duen eta egungo behar kolektiboak zeintzuk diren zehazteko. Lehentasunezko afera da. Eta, horren harira, ezinbestekoa da, kanpoan bizi diren euskaldunei dagozkien eskubideak bermatze aldera, zein tresna nahitaezkoak behar ditugun hausnartzea. Eta horren guztiaren baitan, zein antolaketa mota eta zein esparru edo parte hartze instituzional behar den aztertzea.

 

Labur esanda, gure intuizioa da badagoela munduan zehar modu ezberdinez euskalduna den eta euskal kulturarekin atxikimendua duen kidegoa, egun legeak jasotzen duen diasporaren definiziotik kanpo gera daitekeena, arrazoi ugari direla medio. Gainera, diaspora guztiak hobetu egituratu eta babestu daitezkeela deritzogu, kanpoan bizi den komunitatearen eskubideak bermatu baita Euskal Herriko bizitza politikora lerrokatzeko ere.

 

Herri gisa eman beharreko urratsak

Honek guztiak aukera interesgarria irekitzen digu gaurkotasun handiko eztabaidak mahai gainean jarri eta jorratzeko, diasporatik harago irradiatzen diren gai batzuk garatzeko.

 

Izan ere, hausnarketa hauen atzean naziotasunari buruzko gogoeta sakona dago eta, nola ez, estatus politiko baten beharrari buruzkoa ere bai. Gaur hizpide dugun legeak aukera eman diezaguke saiakera interesgarri bat egiteko: euskal herritartasuna beste modu batera landu eta estatus politikoan jasota dauden zenbait oinarri martxan jartzen hasteko.

 

Horretarako, lege honek esperimentatzeko espazio bat eskain dezake, eskuragarri ditugun baliabideak baliatuz eta estatu gisako instituzioak antolatzeko lehen urratsak emanez. Gurean oraindik posible ez dena, kanpoan bizi den euskal komunitatearen esparruan gauzatzen has liteke.

 

Hain zuzen, askotan erabiltzen den metafora da diaspora ispilu gisa ikustea; esaldi errepikatua da, baina ez du horregatik zentzua galtzen. Ispilu horretan gure mugak eta aukerak islatzen dira. Gaur egun gurean ukatzen zaizkigun eskubideak, baliteke diasporaren baitan praktikara eramateko aukera izatea; horretarako bada, borondate politikoa beharko da.

 

Horixe litzateke erronka: diaspora ez soilik oroimenaren gordailu gisa ikustea, baizik eta etorkizun politikoaren laborategi gisa ulertzea ere bai. Bertan lantzen diren esperientziek etxean baliagarri izango diren ereduak eskaintzeko ahalmena izan dezakete. Eta horrela, ispiluaren aurrean jarrita, behin izan nahiko genukeen hori pixkanaka gauzatzen joateko aukera.