AKTUALITATEA

| 2019-12-23

“EAJk dioenaren kontra, De Miguel auzia ez da kasu isolatu bat, kasu gehiegi ditugulako jada eskuartean kasu isolatuez hitz egiten jarraitzeko. Urteetan eraikitako eta elikatutako kudeaketa sistema bat dago, praktika irregularrak eta ustelak ahalbidetzen dituena. Kasu asko dira jada eta guztiek bi elementu dituzte komunean: bata, inplikaturik daudenak EAJko kargudunak edo militanteak dira; bestea, dirua kostatu digute eta garesti atera zaigu herritar guztioi”.
Hala mintzatu dira gaur Donostian Maddalen Iriarte eta Larraitz Ugarte, EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean De Miguel auziaren harira erroldatu dituen bi legez besteko proposamenak aurkezteko prentsaurrekoan. “Ustelkeria sakoneko arazoa da eta politikatik neurriak hartzea exijitzen du, berehala eta irmotasunez”. Azpimarratu dutenez, “De Miguel auziaren jatorrian, jardun indibidualetatik harago, ustelkeria ahalbidetzen duen sistema bat dago”, eta arazoa horixe dela identifikatzea da, hain justu, lehenengo proposamenaren helburua, bai eta Jaurlaritzari eskatzea lapurtutako diru publikoa berreskuratzeko eta De Miguel auzian nahasturik egon diren enpresekin 2010az geroztik eginiko kontratu guzti-guztiak zorrotz aztertu eta auditatzeko ere.
Ugartek neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu du. “Ez da aski EAJk barkamena eskatzea. Ez da onargarria EAJk ere infanta espainolarena egitea eta herritar guztioi esatea ez Araba Buru Batzarrean ez Sabin Etxean ez zirela ezertaz enteratzen. Ez da sinesgarria. Ustelkerian hainbeste pertsona eta hainbeste erakunde politiko nahasturik daudenean, ez da sinesgarria. De Miguel auziko epaiak autokritika handiagoa eta ardura politikoak hartzea eskatzen du. EAJ zorretan dago euskal gizartearekin. Azalpen argia zor digu herritar guztioi. Azaldu behar digu nola izan den posible gertatu den guztia gertatzea inor konturatu gabe, ez Jaurlaritzan, ez Arabako Parke Teknologikoan, ez Arabako Foru Aldundian, ez Zanbranako Udaletxean, ez Arabako kuadrilletan… Azaldu behar digu, esaterako, nola den posible egun batean enpresa bat langilerik gabe eta jarduerarik gabe sortzea eta ia biharamunean enpresa hori lanean hastea Jaurlaritza eta bestelako instituzioetarako. Zer nolako sistemak ahalbidetzen ditu horrelako gauzak?”.
Sakoneko arazoa zein den zehaztu ez ezik, horrelakoak ez errepikatzeko kontrol neurriak proposatu ere egin ditu EH Bilduk. Hala, bigarren proposamenean planteatu du EAEn Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza behingoz sortzea, Delitu Ekonomikoetarako Fiskaltzari baliabide gehiago ematea, Ertzaintzan unitate berezitua sortzea ustelkeriaren kontra borrokatzeko, sare klientelarrak amaitzeko mekanismoak ezartzea, ate birakarien fenomenoari muga argiak jartzea eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeko Legearen tramitazioa azkartzea legealdia amaitu aurretik onartu ahal izateko.
Maddalen Iriarteren esanetan, “De Miguel auzia bezalako kasuak eragozteko eta galarazteko konpromiso politiko argiak behar dira, hain justu, EAJk erakutsi ez dituenak”. Izan ere, “Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza sortzea proposatu genuenean EAJk kontra bozkatu zuen, Zerga Iruzurraren aurkako Behatokia sortzea proposatu genuenean ere kontra agertu zen eta orain hilabeteak daramatza Ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzeko gure lege proposamenaren tramitazioa oztopatzen eta atzeratzen. Hala neurtzen da EAJk ustelkeriaren aurka benetan duen konpromisoa, Urkullu eta Ortuzarren hitz hutseletatik harago, eta emaitzak ez du toki onean uzten, kontrakoa baizik”.
Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra
Ustelkeriaren kontra neurriak hartzea premiazkoa delakoan, gaur aurkeztutako legez besteko proposamenak berehala eztabaidatzeko eskatu du EH Bilduk, otsailera arte itxaron gabe (Legebiltzarreko organoak ez dira urtarrilean biltzen). Zehazki, Diputazio Iraunkorra deitzeko galdegin du, Parlamentuak –Iriartek azaldu duenez– “mezu argia eta azkarra helarazi behar diolako gizarteari: ustelkeriaren aurrean tolerantzia zero. Gaia hain da larria, ezen ezohiko tramitazioa eskatzen duen. Horregatik eskatu dugu Diputazio Iraunkorra deitzea, hala egingo ez balitz, gizarteari nolabait esango genioke ustelkeria ez dela hainbesterako, eta hori mortala litzateke”.