AKTUALITATEA

| 2025-03-25

2017tik Belgikan erbesteratua dagoen Carles Puigdemont presidenteak harrera egin die gaur Waterlooko Errepublikaren Etxean EH Bilduko Idazkari Nagusi Arnaldo Otegiri eta EH Bilduko Harremanen Idazkari Gorka Elejabarrietari.

Bilera giro adeitsu, eraikitzaile eta errespetuzkoan egin da. Besteak beste, egungo egoera politikoari buruzko iritziak partekatzeko eta Euskal Herriak eta Kataluniak nazioarteko testuinguru aldakor, konplexu eta ziurgabean dituzten erronken inguruan hitz egiteko baliatu dute topaketa.

Ildo horretan, bi ordezkaritzek aukera izan dute Europako erakundeek testuinguru geopolitiko berriaren aurrean jokatu behar duten rolari buruz hausnartzeko eta proposamenak zein analisiak elkartrukatzeko. Europako Batasunak bere gain hartu behar duen autonomia estrategikoari buruz ere eztabaidatu dute Juntseko eta EH Bilduko buruzagiek.

EH Bilduren Idazkari Nagusi izendatu osteko bilera-sortaren parte da gaurko bilkura, eta otsailean ardura hori hartu zuenetik Otegik Bruselara egiten duen lehen bidaia da honakoa. Otegik eta Elejabarrietak osatutako ordezkaritzak Bruselara egindako bidaia aprobetxatu du erbestean dagoen presidentearekin biltzeko. Bi orduko bileraren ondoren, Puigdemont eta Otegi bat etorri dira Juntsen eta EH Bilduren arteko elkarrizketa bideak eta harremanak irekita mantentzearekin, Euskal Herritik eta Kataluniatik aurkezten diren erronkei aurre egiteko asmoz.

Modu honetara, Junts eta EH Bilduk konpromisoa hartu dute atsedenik gabe lanean jarraitzeko Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide politiko, kultural eta linguistikoak aitortuak, errespetatuak eta bermatuak izan daitezen.