AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-11-15

EH Bilduk hauteskunde kanpainako igandeko ekitaldi politiko nagusia Atarrabiako udal plazan egin du. Ekitaldian parte hartu dute Arkaitz Rodriguez EH Bilduren Ekintza Politikorako idazkariak, Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak, Floren Aoiz Senaturako Nafarroako zerrendaburuak eta Laura Aznal Nafarroako lehendakarigaiak.

Rodriguezek azken egunetako mobilizazio sozialak izan ditu hizpide, eta Euskal Herriak erakutsitako gaitasun kolektiboa eta herritarren inplikazioa nabarmendu ditu.

"Herri honen historian iltzatuta geldituko den astea da hau. Euskal Herria munduaren aurrean den bezalakoa agertu da: herri duin bat garela erakutsi dugu. Itxaropenari bidea ireki diogu aste honetan", adierazi du.

Rodriguezek etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra eta Bilbon izandako mobilizazioa aipatu ditu aste honetako mugarri gisa. "Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokor historikoa egin dugu, eta hauteskunde kanpaina baten baitan inoiz egin den ekitaldi politikorik handiena eta inoizko mobilizaziorik jendetsuena", azaldu du.

Ildo horretan, Bilbon bildutako 40.000 pertsona baino gehiagori eskerrak eman dizkie: "Atzo Bilbo bete zenuten herritar guztiak zoriondu nahi ditugu. Herri honen historiaren parte zarete".

Azaroaren 29ko hauteskundeei begira, mobilizazio sozial horri jarraipena emateko deia egin du Rodriguezek, kaleetan zein hautetsontzietan. "Denon esku dago gure historian mugarriak jartzen jarraitzea. Zure esku dago herri honen historiaren hurrengo orrialdeak idazten jarraitzea. Zure botoaren esku".

Rodriguezen hitzetan, "Euskal Herriak historia egingo du berriro, bloke erreakzionarioari aurre eginez". Horretarako, datozen egunetan auzoz auzo, herriz herri eta hiriz hiri aritzeko konpromisoa agertu du: "Olatu antiautoritario eta itxaropentsu hau ez delako igaroko; geratzeko dator. Euskal Herria alderik alde zeharkatu eta garaipena lortzeko dator. Partida jokatzera goaz. Eta irabaztera goaz".

Eneka Maiz: "Eta EH Bildu gehiago behar dugu, are urrunago iristeko"

Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak, bere aldetik, azaroaren 29ko hauteskundeen garrantzia azpimarratu du, Nafarroan azken urteotan garatutako aldaketa politiko eta sozialean EH Bilduk izan duen rola nabarmenduz.

"EH Bildu bozkatzea Nafarroa demokratikoago eta burujabeago baten alde egitea da. Eskubideetan sakontzea eta etorkizunari itxaropenez begiratzea", adierazi du.

Maizek EH Bilduren izaera nafarrari eta lurraldearekiko konpromisoari egin dio erreferentzia: "0 km-ko bermea gara: gertukoa, bertakoa. Eskubide eta askatasunen ahots nafarra: lurraldean errotua, euskaltzalea, anitza eta aurrerakoia".

Zerrendaburuaren arabera, EH Bilduk bi ardatzetan oinarritzen du bere jarduna: eskuinaren bloke politikoari aurre egitea eta herritarren eguneroko arazoei erantzutea. "Berme bikoitza gara. Batetik, UPN, PP eta Vox gelditzeko gaitasuna dugulako. Bestetik, herritarren kezkak eta arazoak anbizioz eta ausardiaz konpontzeko lan egiten dugulako".

Horretarako, etxebizitza larrialdiari, bizitzaren garestitzeari eta eskubide eta askatasunen defentsari lehentasuna ematea aldarrikatu du.

Maizek, halaber, indar aurrerakoien arteko batasunaren garrantzia azpimarratu du, Nafarroako azken urteetako esperientzia politikoa erreferentziatzat hartuta. "Nafarroa eredu da bloke erreakzionarioari aurre egiteko formula arrakastatsuaren adibide. Indar aurrerakoien arteko batasuna eredugarria da, eta batasun horretan EH Bildu erabakigarria da", adierazi du.

Azkenik, azaroaren 29an Nafarroan norabide horretan sakontzeko deia egin du, EH Bilduren ordezkaritza politikoa handitzearen garrantzia azpimarratuz: "EH Bildu gehiago izateak berme gehiago, burujabetza gehiago eta politika aurrerakoi gehiago esan nahi du. EH Bildurik gabe ezin baita ulertu azken hamarkadan Nafarroan gertatutako aldaketa politiko eta soziala".

Maizen hitzetan, "autoritarismoaren eta demokraziaren artean, Nafarroak demokrazia aukeratzen du", eta azaroaren 29an nafarrek beren erabakia adierazteko aukera izango dute.