AKTUALITATEA

Aurrekontuak | 2025-12-14

EH Bilduk nabarmendu nahi du ezker subiranistak gobernatzen dituen udalak eta udalez gaindiko instituzioak egoerak eskatzen duen neurria ematen ari direla, aurrekontu-akordio pluralak lortzeko gai izaten ari baitira, norabide argi batekin eta anbizio eraldatzailearekin.

Azken asteotan lortutako akordio ugarien inguruko balantze oso positiboa egiten dugu. Horren adibide dira Iruñea, Elorrio, Oion edota Astigarragako udalak; guztietan lehenetsi dira herritarren interesak eta haien kezka nagusiei anbizio handiko erantzunak emateko borondatea.

Etxebizitza, klima-politikak, berdintasun eta zaintza politikak, irisgarritasunarekin zerikusia dutenak eta kirol zein ongizate azpiegiturak EAJrekiko adostasunen ardatzak izan dira Orion, Asparrenan, Oiartzunen, Izurtzan, Lezon, Barrundian eta Getarian.

Gainera, EH Bilduk bere udal proiektuak indartu ditu, aurrekontuak onartuz, Hernanin, Usurbilen, Ondarroan, Antzuolan, Diman, Zumaian eta Plentzian.

Azpimarratzekoa da, baita ere, PSOErekin lortutako adostasun maila Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan, Tafallan, Arrasaten, Oionen, Abadiñon, Berriozarren eta Berriobetin, bai eta Hernanin, Usurbilen, Zumaian eta Zangozako Mankomunitatean ere.

Garrantzi berezia du Iruñeko Udala sostengatzen duen aurrekontu-akordioak. Izan ere, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen arteko elkarlanak haren jarduera garatzeko beharrezko duen gaitasuna ematen dio Iruñeko Udalari. Halaber, Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioa nabarmendu behar dugu, politika progresistetan aurrera egitea ahalbidetzeaz gain, harresi bat ere badelako bloke autoritarioaren aurrean.

Euskal Herrian biztanle gehien dituzten udalerrietako batzuetan ezker konfederalarekin batera gobernatzen dugu, eta bera ere funtsezkoa izan da datorren urteko aurrekontu-proiektuak aurrera ateratzeko. Adibidez, Errenteria-Oreretan. Eta haren babesa jaso dugu, gainera, Elorrion, Arrasaten, Sopelan eta Berriozarren.

Talde independenteei dagokienez, zeinekin udalerri askotan gobernatzen dugun, azpimarratzekoak dira Aiara, Abadiño eta Arrigorriagako akordioak, eta, modu berean, aintzat hartu behar da Aiako eta Basauriko udal-gobernuei kanpotik ematen diegun babesa.

Maila eta instituzio ezberdinen arteko negoziazio ziklo hau zabalik dago oraindik, eta albiste onak emango dizkio herri honi datozen asteotan. Hori horrela, EH Bilduk bi ondorio nagusi ateratzen ditu:

Lehenik eta behin, proiektu eraldatzaileak, egungo egoerak eskatzen duen neurria ematen dutenak, negoziatzeari eta adosteari uko egiten dion gobernantza inmobilistaren aurrean, EH Bildu bermea da sinatzen dituen akordioek eragin positiboa izan dezaten euskal herritarren bizitzetan.

Bigarrenik, EH Bilduk argi erakusten du egon badagoela beste modu bat gobernatzeko eta akordioak egiteko: modu kooperatibo eta kolaboratiboan, interlokutorea hasieratik aintzat hartzen duena eta negoziazioak norabidea argi edukita irekitzen dituena. Alde horretatik, EH Bildu bermea da jendearen bizitza hobetzeko eta gobernantza kolaboratibo eta pluralaren eredua garatzeko.