AKTUALITATEA

| 2026-01-10

Joan den irailean iragarri zuen EH Bilduk, Donostian egindako Konferentzia Politikoan, ezker subiranistak abian jarriko zuela Elkarrizketa Nazionala, eta horren baitan herri hau osatzen duten herritarrekin eta izaera anitzeko eragileekin hitz egingo zuela, haien kezkak eta erronkak ezagutzeko asmoarekin. Lehen hilabete hauetako elkarrizketen lehen ondorioa zein den azaldu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. “Herritarrek dituzten kezkak eta erronkak ez datoz bat askotan plaza publikoan eliteek mahai gainean jartzen dituzten gaiekin”.

Bilboko Bizkaia Aretoan elkartu du bere Batzar Nagusia EH Bilduk, eta bertan ezker subiranistako 500dik gora bilkide elkartu dira. 2026 urte gakoa izango dela kontuan izanda, horren aurrean prestatu eta aurrean ditugun erronkak partekatzeko erabili da batzarra. Besteak beste, hauteskunde ziklo berri bat datorrela kontuan izanda, hauteskunde-araudia onartu dute bilkideek batzarrean.

Hauteskundeak izan dira, hain justu, Otegik aipagai izan duen beste gaietako bat. EH Bilduko idazkari nagusiak esan duenez, aspaldian asko hitz egiten da hauteskundeez eta noiz izango diren; “espekulazioaren jokorako” erabiltzen dira. Baina ez da egiaz inporta duen galdera egiten: zertarako hauteskundeak? Espainiako balizko hauteskundeen aurrean EH Bilduk baduela proposamen bat azaldu du: Hego Euskal Herriko zerrenda bateratua. “Hau da eztabaida. Ez noiz izango diren hauteskundeak, baizik eta zein helbururekin eta proposamenekin egingo diogun aurre Espainiako Estatuko hauteskundeek suposatzen duten erronkari.

Otegik azpimarratu duenez, EH Bilduren proposamenak “lurralde zatiketa gainditzen du” eta Hego Euskal Herriko herritarrei “herri gisa hitz egiteko aukera” eskaintzen die. “Espainiako hauteskundeak euskal borondate demokratiko herritar eta nazionala adierazteko aukera eskaintzen du gure proposamenak”. Gaineratu duenez, ezker subiranistaren hautua da hori, “herri bezala jokatzea eta ez alderdi bezala”.

Bestalde, datozen hilabete eta urteetan EH Bilduk erabaki garrantzitsuak hartu  beharko dituela adierazi du, eta azpimarratu du erabaki horiek, beti ere, “herriarekin batera” hartuko direla . “Autoritarismoaren aurrean edo askapen nazionalaren dinamikan edota Euskal Herriaren defentsa demokratikoan hainbat erabaki hartu edo proposamen egin beharko dugu. Prest gaude horretarako eta argi dugu zer egin behar dugun”. Gaineratu duenez, EH Bilduk eta Euskal Herriak bestelako mundu bat eskain diezaiokete planetari, "hemen bestelako indar korrelazioa dagoelako, EH Bilduk proiektu askatzailea eskaintzen diolako euskal gizarteari eta hemen lan militantea aniztasunean, errespetuan eta berdintasunean oinarritzen delako".

Horrez gain, hurrengo hilabete eta urteetarako EH Bildu den fronte zabala oraindik eta gehiago zabaltzeko egitekoa jarri dio Otegik ezker subiranistari. Urte hauetan guztietan egindako lana goraipatzearekin batera, esan du amaitu gabeko lana dela oraindik. “Lanean jarraituko dugu. Etxe hau herriarena da, eta herritarrekin batera jarraitu behar da zabaltzen”.

Amaitzeko, nazioarteko egoerari erreferentzia egin dio Otegik bere hitzartzean, eta azaldu du hurrengo astelehenean egingo den Mahai Politikoan EH Bilduk gaiaren kokapena egingo duela.