AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-09

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Agurainen. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Mikel Otero Arabako hautagaiak hartu dute hitza. Otegiren esanetan, gogoan izan behar da duela urtebete baino gutxiago, udal hauteskundeetan, hemen, Agurainen, batzuek «beldurraren botoa» eskatu zutela. «PPren boto-emaileei botoa eskatu zien, EH Bilduk irabazi eta goberna ez zezan. Ez zen ez bata ez bestea gertatu, baina gertatu zen EH Bilduk irabazi zuela, Alkatetzan dagoela gehiengoarekin eta emaitzak hobetu zituela. Orain, gauza bera gertatuko da berriro. Guk ilusioaren botoa eskatzen dugu, eta beste batzuek beldurrarena», adierazi du. Halaber, nabarmendu duenez, «kanpaina honetan ez dago sigla politikoen arteko lehiarik, aliantza- eta herrialde-ereduen artekoa baizik».

Mikel Otero Arabako hautagaiak trantsizio energetikoko politikan lehenbailehen sakontzeko beharraz hitz egin du, «erabaki interesatuei uko egiten dieten gobernuak behar ditugu, eta ez dezatela zabortegi baten bidez herrialde horrek duen eraldatze-beharra bota», eta zentzu horretan, «helburu eta proiektu bat duten eta aldaketa-agenda argi bat duten gobernuen alde» egin du. Esker hitzak izan ditu baita ere EH Bilduren komunitatearekiko: «Egiteko beste modu bat erakusten ari da EH Bilduko komunitatea egunero-egunero, Lautadan, Araban eta Euskal Herri osoan; hori da gure sirimiria, hori da gure indargune nagusia».