AKTUALITATEA

| 2020-02-24

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak legegintzaldi honetan aurkeztutako lehenbiziko ekimena eztabaidatu eta bozkatuko da bihar Kongresuan: pentsiodunen bizi baldintzak duintzeko 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezartzeko proposamena, hain justu.

Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak defendatuko duen legez besteko proposamenaren bitartez, 1.080 €-ko gutxieneko pentsioak bermatzea eta pentsiodunen aldarrikapenei bide ematea nahi du EH Bilduk, gaia mahai gainean ezartzeko asmoz. Horretarako, pentsiodunen bizi baldintzak okertu dituzten erreformak atzera botatzea eta Gizarte Segurantzari lotutako eskumen guztiak euskal erakundeetara transferitzea presazkotzat jo du, 1979. urtean onartutako eta halabeharrez bete beharreko Gernikako Estatutuak hala jasotzen duela gogoratuz.

Neurri horien eskutik, pobreziaren muga baino txikiagoa den pentsiorik ez onartzeko konpromisoa hartu du koalizio abertzaleak, Europako Eskubide Sozialen Gutunari jarraiki. Eta horrela jaso du bihar eztabaidatuko den legez besteko proposamenean. Izan ere, Europako Batasunaren arabera, lurraldeko batez besteko soldataren %60a kontuan hartuta kalkulatu behar da pobreziaren muga; Euskal Herriko kasuan 1.080 eurokoa da.

Bide horretan, Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren urteotako aldarrikapen nagusiei ahotsa jarri nahi die EH Bilduk Kongresuan, pentsiodunen beharrei aurre egingo dien sistema propio bat osatzea lehentasun bezala ezarriz. “Gizarte Segurantzari lotutako eskumenek egungo sistema hobeto kudeatzeko eta aurrera egiteko aukera emango ligukete, Euskal Herrian sistema propio bat martxan jartzeko mekanismoak praktikan jarriz”, adierazi du Ruiz de Pinedo diputatuak.

Indar subiranistaren aburuz, Espainiako Gobernu berriak iragarritako %0,9ko pentsioen igoera ez da nahikoa pentsiodunen bizi baldintzak duintzeko: “Hasiera baino ez da, lehen pausoa azken urteotako murrizketak bertan behera uzteko. Ez ditu eskubideak zabaltzen, galdutakoak berreskuratzen baizik”. Gaurko eta biharko pentsioak bermatzeko neurriak hartzea “presazkoa eta atzeraezina” dela ohartarazi du Ruiz de Pinedok. “Bizitza duinak bizi ahal izateko pentsio duinak jasotzeko eskubidea ziurtatzea dagokie botere publikoei, gaur egun errealitatetik urrun dagoen arren. Ahalik eta lasterren neurri zuzentzaileak hartu ezean, etorkizunean okerrera joateko arrisku handia dugu”, abisatu du diputatuak.