AKTUALITATEA


| 2020-06-26 22:02:00

Azken hamarkadako egoera kritikoenean aurkitzen da Zumarragako udala. Urtarrilean egoera delikatua zela  esaten genuen eta egin dugun azterketak  gure hipotesia berresten du. Azken hamarkadan egoera asko okertu da eta 2019ko kudeaketa ekonomikoa oso txarra izan da. Krisiak oso ahul zegoen egoera egoera ekonomikoa are gehiago okertu du eta epe ertainera begira neurriak hartzen ez badira alarma guztiak piztu daitezke. Aukera eta irtenbideak egon badaude badaude, baina horretarako orain arteko estrategiak, kudeaketa-sistema eta lidergo-eredua aldatu behar da ezinbestean.


Azken hilabeteetan Zumarragako udalaren egoera ekonomikoaren azterketa xehea eta zehatza egin dugu 2009tik 2019ra bitartekoa. Horretarako, GFAko Ogasun saileko datuak, azken hamar urteetako likidazioak eta Eustat-eko datuak hartu ditugu, eta udalaren eta GFAko lantalde teknikoekin kontrasteak ere egin ditugu. Alor desberdinetako profesionalen aholkularitza teknikoa ere izan dugu.

Egin dugun azterketaren ondorio nagusiak honakoak lirateke:

  • Udalaren aurrezki garbia eta beraz inbertsioei aurre egiteko ahalmena asko murriztu da. Krisiak are gehiago okertuko du egoera eta aurrezki garbia negatiboan geratzeko arrisku handia dago.
  • Altxortegia ere asko murriztu da azken hamarkadan eta altxortegirik gabe geratuko gara laster fondo foralaren murrizketaren ondorioz.
  • Azpikontratazioen pisua asko handitu da urterik urtera eta inbertsioak murrizten joan dira. Inbertsioetan gure tamainako herriekin alderatuz azken postuetan gaude eta argi geratzen da ez garela gehien inbertitzen duen herria. Hemendik aurrera are gutxiago inbertitu ahal izango da.
  • Gastuak handitu diren arren, gastu soziala ez da tamaina berean handitu, beraz, gastu sozialaren aldeko apustua ez da eman. 
  • 2019ko kudeaketa okerrarengatik 9.fasea bezalako inbertsioak datarik gabe atzeratuko dira. 2019n Gastuak lehenetsi ziren inbertsioen aurretik eta krisialdiak azken kolpea eman dio hain garrantzitsua den inbertsio honi.
  • 2020ko aurrekontuaren murrizketak egin dira euskararen, kulturaren, partehartzearen eta ingurumenaren alorrean. Ez gaude ados eta azken urteotako joera berresten du; aurrekontuaren exekuzi-maila txikiena izan duten alorrak izan baitira inbertsioekin batera.

Irtenbideak badaude udalaren egoera ekonomikoa berbideratzeko eta 5 ildo proposatzen ditugu:

  1. Ondasun eta zerbitzuen ataleko gastu korronteak murriztu behar dira. Urretxurekin eta mankomunitatearekin zerbitzuak mankomunatuz, hainbat zerbitzuren remunizipalizazioa eginez eta efizientzia energetikoan inbertituz.
  2. Fiskalitate progresiboa martxan jarriz udalaren sarrerak handitu behar dira. Badago marjina.
  3. Eskualdeko egituren aldeko apustu sendoa egin behar da (Mankomunitatea, Uggasa eta UGLE). Zumarraga eskualdeko egiturekin batera indartuko da; bakarrik ezin dugu, krisiaren aurretik ere bazetorren adierazle-sozioekonomikoen bilakaera txarrak argi azaltzen duen bezala
  4. Hurrengo hamarkadarako estrategia eraiki behar da modu kolektibo eta lidergo konpartituen bidez. Plan orokorraren berriztatzea baliatu behar da 2030 bitarteko plan estrategiko bat eraikitzeko.
  5. Kudeaketa-sistema eta lidergo-eredua aldatu behar da. XXI. mendeko erronkek gaur egungo kudeaketa-sistemak, lidergo kooperatiboak eta ideiak eskatzen dituzte. 

Azterketaren berri emateko 3 bideo dibulgatzaile egin ditugu sare sozialetan , mugikorren bidez eta Interneten zabalduko ditugu Zumarragako EH Bilduk dituen kontuen bidez.