Udalak eratu zirenetik 6 hilabete pasa diren arren, oraindik Urola Garaiko Mankomunitatearen eraketa ez da gauzatu eta Urola Garaiako EH Bilduren ustez, eskualdeko proiektu eta lan-ildoekin aurrera egiteko, ahalik eta azkarren atera behar dugu inpass egoera honetatik eta horregatik, espero dugu datozen egunotan Urola Garaiko Mankomunitatea eratzeko batzarra deitzea.
EH Bildu da Urola Garaiko herrietan ordazkaritza handiena duen alderdia 15 zinegotzirekin, atzetik daude EAJ-PNV 13 zinegotzirekin, PSE-EE 10 zinegotzirekin, Ezkio Eraikiz 7 zinegotzirekin eta Legazpiko Berdeak + Independientes zinegotzi batekin. Hau horrela, EH Bildu da Urola Garaiko Mankomunitateko Batzarrean gehiengoa duen alderdia. Arduraz jokatu dugu eta irailean alderdi guztiak bilera batera deitu, eurekin elkartu eta lehendakaritza hartzeko prestutasuna eta legealdiko lan ildoen proposamen bat aurkeztu genien.
Denok gogoratuko dugu 2019ko Urola Garaiko Mankomunitateko eraketa batzar hura, EAJ-PNVk zuen gehiengoa baliatuz Elkarrekin Podemos mankomunitatetik kanpo utzi nahi izan zuen, eta Alderdi Sozialistak zegokion erantzukizuna alde batera utzi eta uko egin zion lehendakaritzari. Momentu horretan, ordura arte lehendakaritza udalerrika txandakatzeko hitzezko akordioa pikutara joan zen.
Legealdi zaila izan da, batez ere, EAJ-PNV eta Alderdi Sozialistaren arteko harreman txarrak baldintzatu du legealdia. EH Bilduk arduraz jokatu du eta beti erakutsi du jarrera eraikitzailea eta lankidetzan jarduteko asmo irmoa. Arlo sozioekonomikoari, soziosanitarioari, euskarari eta landa eremuari lotutako hainbat proposamen egin ditugu. Sinesten dugu lau herriak elkarrekin eskualdearentzako garrantzitsuak diren proiektuak aurrera atera ditzakegula, eta horretarako estrategia bat eta plan bat dugu mankomunitatearen gidaritza hartzeko.
Garrantzitsua da herrien arteko elkarlana. Baditugu dagoeneko partekatzen ditugun zerbitzuak eta horietan sakontzen jarraitu behar dugu eta beste hainbat alorri heldu. Urola Garaiko Mankomunitatearen birfundazio prozesu bat abiaraztea proposatzen dugu: Mankomunitatearen inguruko hausnarketa bideratu, helburuak, funtzioak eta gobernantza eredua definitu, eskualdeak dituen erronka berrietara egokitu eta zaharkituta dauden Mankomunitateko estatuak berritu. Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutiago.
Horrez gain, diseinatu dugun plana anbiziosoagoa da eta enpresa garapenari, trantsizio energetikoari, euskarari, landa eremuari eta mugikortasunari lotutako erronkei ere erantzun nahi diegu.
Enpresa garapena
Orain arteko garapen ereduak eta oinarrian dagoen sistema sozioekonomikoak, gizartean aurreikusi gabeko erronken aurrean kokatu du. Hainbat erronka ditugu: eskualdeko berdintasun planean jaso den moduan zaintzak eta bereziki zahartzeari dagozkionak, aldaketa klimatikoa, digitalizazioa, ekonomiaren dibertsifikazioa eta lehen sektorearen birformulazioa beste batzuen artean.
Ekintzailetza sozial kooperatiboa eredu interesgarria dira gure eskualdean ekintzailetza soziala eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko programa bat martxan jartzeko.
Eskualdea arlo soziosanitarioan garatzeko estrategiarekin jarraitzea ere ezinbesteako da. UGLE, UGGASA eta administrazio ezberdinen arteko elkarlanaren bidez eskualdean arlo sozio-sanitarioari lotutako zerbitzuak eta hori elikatuko duen formazio eskaintza eta enpresa proiektuak martxan jartzea da proposatzen dugun beste lan ildo bat.
Eta nola ez, degradatutako industria guneen berraktibazioa, azpiegitura industrial iraunkorrak sortuz. Horrela, kalitatezko behar beste azpiegitura izateko eta oinarri teknologikoa duten enpresa ekimenak erakartzeko, eta kalitatezko lanpostuak sortzeko. Era berean, eskualdeko enpresen I+Gko finantziazioa handitzeko bulego eta aholkularitza tekniko espezifikoa sortzea ere planteatzen dugu.
Trantsizio energetikoa
Energia eredu iraunkor eta burujabe baterako bidean aurrerapausoak eman behar ditugu eta beste eredu energetiko bat sustatu behar dugu, herritar, enpresa eta komunitatearekin elkarlanean. Autokontsumoa oinarri duten ereduak sustatzea lagunduko dugu eta eskualdean komunitate energetikoak sortu.
Euskara
Funtsezkoa da euskara normalizatzeko estrategia komun bat landu eta sendotzea eta horretan lan mundua, hezkuntza eta komunikazioa eremu estrategikoak dira euskararen etorkizuna bermatu nahi bada.
Landa eremua
Bertatik Bertararen inguruko hausnarketa eta estrategiaren diseinua egin. Goierri beheran garatzen ari diren proiektuak gurera ekartzeko azterketa egin. Ekintza kooperatiboan eta ekonomia sozialean oinarritutako proiektu propioak abiaraziz edo dagoeneko martxan dauden horietan integratuz edo elkarlana eginez.
Mugikortasuna
Gure herrietan CO2 isurketen eta aire kutsaduraren erantzule nagusia, eraikinekin eta industriarekin batera, garraioa da. Gaur egungo eredua birpentsatu behar dugu garraio publikoaren egoera aztertu, garraio partekatuan eta elektromugikortasunean sakondu, bizikletaren erabilera sustatu eta oinezkoentzako ibilbideak eta bide seguru eta atseginak sortu. Konbentzituta gaude horrek hobetu egingo duela gure herrien bizitza kalitate eta segurtasuna.