AKTUALITATEA


| 2023-11-10 13:50:00

Urriaren 26ko osoko bilkuran, Zumarragako oposizioko taldeek Arcelor eremuko Plan Bereziaren tramitazioa geldiaraztea lortu genuen. Plan horrek ateak parez-pare irekitzen   zizkion Plastic Energy plastikozko erraustegiari. Aipatu Plan berezia eremua garatzeko beharrezkoa den hirigintza plana da, baina planaren diseinu eta erredakzioan errausketa planta eremu horretan kokatzeko erraztasun guztiak jartzen ziren.

 

Izapide hori herritarrei bizkarra emanez egin nahi izan da, horrelako gai batek eskatzen duen eztabaida publikorik gabe. Plan bereziaren hasierako tramitazioa martxoan egin zen, legeak ezarritako epeak bete gabe. Erantzun ez diren hiru alegazio aurkeztu zituen EH Bilduk. Eta hasierako planaren bigarren onarpena abuztuan, uda betean egin zen. Hori nahikoa ez balitz, osoko bilkuraren aurreko batzordeen deialdiak epez kanpo egin ziren. Eta azkenik, borobiltzeko, eremuaren inguruko errepideen afekzioari buruzko Aldundiaren baimena falta zela ikusi genuen oposizioa osatzen dugun alderdiok eta hori gabe ezinezkoa zela plan bereziaren behin betiko tramitazioa.

 

Baina zer dela eta horrelako presa? Erantzunik  ez dugun  arren, Foru Aldundiak 4 milioi euroko diru-laguntza konprometitua du Plastic Energyrekin, proiektua urriaren 31rako martxan izateko baldintzapean. Kasualitatea epeak bat etortzea? Neurrira egindako diru laguntza,  enpresa sortu berri batentzat, 3.000 euroko kapital sozialarekin eta Foru Aldundiko teknikarien txosten batekin zeinak gabezia tekniko, ekonomiko eta finantzario nabarmenak nabarmentzen dituen.

 

Plastic Energyren instalazioa erraustegia da, Europako eta Estatuko legediek hala ezartzen dutelako. Gainerakoak eufemismoak dira, hala nola “Plastikoaren ekonomia zirkularraren poloa”. EH Bildutik Eusko Jaurlaritzari, Sprilurren jabeari, gune horri buruz zenbait galdera luzatu genizkion. Erantzun zuen inoiz ez dutela termino hori erabili, Foru Aldundiak eta Zumarragako Udalak bakarrik erabili dutela. Asensio eta Serranok, azken finean. Era berean, Sprilur eta  Mikel Serranoren adierazpenak ez daoz bat. Alkateak kanpainan, lanak urrian hasiko zirela iragarri zuen eta Jaurlaritzaren arabera, hirigintza legediaren ikuspuntutik hori ezinezkoa da.

 

EH Bildutik kanpainan egin genuen proposamen beraren alde apostu egiten jarraitzen dugu. Gipuzkoan erabilgarri dagoen  lurzoru industriala  ondasun urria da. Datu hori herrialdeko enpresa- eta gizarte-eragile guztiek berresten dute, baita SPRIren arduradun diren politikariek ere. Arcelor eremuko lurrak deskontaminatzeko konpromisoarekin eskuratu ditu SPRIk. Horri inguruko trenbide eta errepide bidezko komunikazio bikaina gehitzen badiogu, eta Goierriren eta Debagoienaren arteko kokapen estrategikoa, esku artean duguna erraustegi batekin alferrik galdu ezin dugun aukera estrategikoa da. Izan ere, erraustegi bat jartzeak, enpresak erakartzetik urrun, uxatu egingo ditu; Bergaran gertatu berri den bezala, Arrasatera joan den enpresa batekin, han jarri nahi duten paper-industriako hondakinen erraustegiaren industrialde berean kokatu nahi ez dutelako. Beraz, kanpainan esan bezala, Arcelor inguruan hartzen ditugun erabakiekin ehunka lanpostu ditugu jokoan. Horregatik, gure eskualdeko eragile ekonomiko eta sozial guztien arteko lankidetzaren alde egiten jarraitzen dugu: Mankomunitatea, Uggasa, Ugle, udalak, alderdi politikoak eta eragile enpresarial eta sindikalak. Eskuzabalak izateko garaia da, ikuspegi zabal eta logika alderdikoien gainetik funtzionatzeko garaia. Gure eskualdean etorkizun industrial garbia eta aurreratua nahi dugulako. Etorkizun itxaropentsua Zumarragarentzat.