Pasa den azaroaren 28an udal aurrekontuen onarpenerako udalbatza izan genuen eta hauek bigarren bozketan, alkatearen kalitatezko botoari esker onartuak izan ziren. Aurten ere, Zumarragako EH Bildutik honakoa berresten dugu: edozein administrazio publikoko aurrekontuak proiektu politiko zehatz bat lurreratzeko ezinbeste bitartekoa dira. Hau horrela, negoziazio prozesuari ekin aurretik EH Bildutik udal gobernuari aurrekontuen aurkezpen bat egiteko eskaera luzatu zitzaion. Gure ustez zentzuzkoa, logikoa den zerbait. Izatez, garai batetan hau zen udaletxe honetan lan egiteko ohiko modua. Negoziaziorako egutegi berri bat ere proposatu genuen, adostasunerako arloak detektatu eta ondoren garatzeko helburuarekin. Adostasun hauek, posible balitz hurrengo urteko aurrekontuetan txertatuko lirateke edo bestela, hurrengo urtean lantzeko asmoarekin, konpromisoak jasoko lituzkeen dokumentu batetan jaso.
Baina aurrekontu hauen lanketan tasa eta zergen oredenantzen inguruan emandakoa errepikatu da. Lehenengo proposamena korreo bidez jaso, guk ekarpenak egin eta ondoren hauek baztertu. Prozesu hau zilegi da noski, baina ez dago akordioa lortzeko bideratuta. Ulertzen zaila, are eta gutxiago udal gobernuak gehiengo absoluturik ez duenean.
EH Bilduk egindako proposamenak hainbat lan-ildotan oinarritzen dira: justizia soziala hobetzeko proposamenak, sare komunitarioa garatzeko proposamenak, gure ingurunea garatzeko proposamenak eta herritarrekin lantzeko inbertsio komunitarioko proposamenak. Urretxuko gure udal taldearekin aurkeztutako proposamenak, gure hauteskunde programan oinarritutakoak eta auzotarrekin izandako bileretan jasotakoak, guztira 27 proposamen. Gehienak borondate politikoa izanez gero, adostasunerako aukerak eskaintzen zituztenak. Esan behar, proposamen hauek negoziazio eta garapen prozesu bat eskatzen dutela, aurrekontuetako prozesu honetatik haratago doazenak. Beraz, legegintzaldian garatu ahal izateko eremu posibleak jasotzen zituen dokumentu bat sinatzea eskatzen genuen. Baina ezinezkoa izan da, ezta lehenengo pausuak ematea ere. Udal gobernuaren aldetik ezezko borobila jaso dugu.
Ez hori bakarrik; udalbatzan zehar gehiengo absoluturik ez daukan udal gobernuko taldea oposizioko alderdien proposamenak gutxiesten aritu zen behar zen lekuan eta momentuan hauek azaltzeko aukerarik eman gabe. Alkateak bereziki, egindako proposamenekiko jarrera oldarkorra azaldu zuen. Oposizioko alderdiak aldiz, akordioetara iristeko elkarrizketa eskaintzen aritu ziren. Egoera ulergaitza. Gakoa non dagoen nabarmena da: guztiok aldez aurretik badakigu PSEk inorrekin negoziatzeko beharrik eduki gabe aurrekontu hauek aurrera aterako zituela. Eta errealitate honen aurrean, udal talde desberdinek eduki dugun jarrerak nabarmen utzi gaituzte.
Beraz, hurrengo urtean tasa eta zergen ordenantzak zein udal aurrekontuak negoziatu ahal izateko baldintzak ematea espero dugu. Balizko akordio batek aurretiako lan eskerga beharko duelakoan gaude. Gu prest. Gure helburua gure proposamenekin gobernu taldearen planteamenduak aberastea da. Bitartean eta aurten negoziaketa prozesu bati ekin aurreko gure ustez ezinbesteko baldintzak ere eman ez direla kontutan hartuta, gure taldeak ezezkoa eman zien 2024rako udal aurrekontuei. Berri pozgarria litzateke hurrengo urtean gure bozkaren norabidea aldatzea izango bagenu.