AKTUALITATEA


| 2023-06-02 17:09:00

Lehenik eta behin, gu bozkatu gaituzten 1577 zumarragatarrek gugan jarri duten konfiantza eskertu nahi dugu. Gure ustez, azken lau urteotan egin dugun lan eskergaren ondorioz lortutako konfiantza izan da eta bide horretan jarraitzeko ilusioa, indarra eta konfiantza gehiago ematen  dizkiguna: entzun, herria egin eta Zumarragak dituen erronka haundiei erantzuna eman.

 

%27ko hazkundea izan dugu, auzo guztietan hazi gara, bozken %34a jaso dugu eta 4 mahaietan irabazi dugu. Emaitza bikainak dira eta oso pozik gaude; Zumarraga hobe baten alde lanean jarraitzeko indarra ematen digute eta era berean, hasitako bidea berretsi eta sendotzen dute. 

 

Hauteskunde hauetan gehiengo absolutuaren zikloarekin amaitu eta aro politiko berri bat irekitzea zen gure helburu nagusia eta lortu dugu. Datorrenari itxaron eta aldaketarako urratsa ematearen artean, zumarragatarrek aldaketarako bidea hautatu dute eta EH Bildu hautatu dute aldaketarako lemazain. Herritarrek esperantza aktibo baten aldeko hautua egin dute; gehiengo berri honen gehiengoa batu dugu eta lidertzarako prest gaude. Ziklo politiko berri bat ireki da eta honekin Zumarraga hobe bat egiteko aukera haundiak.

 

Gure herriaren eta belaunaldi berrien etorkizuna baldintzatuko duten erronka erabakigarrien aurrean gaude. Legegintzaldi honetan hartuko diren erabakiek gure etorkizun industriala, soziala eta ingurumenari dagokiona baldintzatuko dituzte: Arcelorreko eremuan kokatuko den azpiegitura edo industria mota; zaintza-sistema eredua; gure zerbitzu publikoak indartu edo ahuldu; edo udalaren gaitasun ekonomikoa hobetu edo ez.

 

Legegintzaldi honetan osasuna, ongizatea eta kalitatezko lanpostu industrialen sorrera jokoan daude. Horretarako, gobernatzeko eta lidergorako beste modu bat eskatzen duten erabaki estrategikoak hartu beharrean gaude. Lidergo berri bat behar dugu horretarako; lidergo partekatu bat, lankidetzan oinarritua eta enpatikoa, zeinak udalaren erabaki estrategikoen aurrean herritarren parte-hartzea sustatuko duen mankomunitateko beste eragileeez gain.

 

Esan izan dugun eta esaten jarraitzen dugun bezala:

Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutiago