AKTUALITATEA


| 2023-10-23 19:55:00

Baliteke herritarrak Zumarragako uraren kudeaketa merkantilizatu eta judizializatuaren enegarren kapituluaren aurrean zur eta lur gelditzea, baina ez da gutxiagorako. Bi urteko derrigorrezko luzapena beteko dugu, Eusko Jaurlaritzak udala bi aldiz zigortu du eta tartean   udala eta enpresa lizitatzaileen arteko helegiteen afera, zeina ez dakigun nola amaituko den. Eta denborak arrazoia eman digu.

 

Uraren kudeaketa pribatizatzeak esleipena merkatu bihurtuko zuela esan genuen eta horrekin batera enpresa multinazionalek beren legezko makineria guztia jarriko zutela martxan beraien emaitza-kontuetarako oso gozoa den esleipena bere egiteko. Eta horrela gertatu da berriro.

 

Eusko Jaurlaritzak esku hartu behar izan duen bigarren aldia da eta honekin  uraren zerbitzuaren lizitazioa eten. Lehenengoan pleguak zuzentzera behartu zuen, “ad hoc” idatzitako pleguak errotik aldatuz. Eta orain, lehiaketara aurkeztutako enpresa batzuek jarritako errekurtsoen ondoren, udala esleipena errepikatzera behartuko du, irregularki egin duelako.Hona hemen arrazoiak: lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren arabera, enpresa irabazlea baztertu egin beharko litzateke pleguetan eskatutako baldintzak ez betetzeagatik; bigarrenik, kontratazio-mahaiak bere funtzioa bete ez zuelako eta bere erabakia aholkularitza-enpresa baten txostenaren baitan utzi zuelako; eta, azkenik, kontratazio-mahaia gaizki eratuta zegoelako.

 

Hau da, aurreko lizitazioaren historialaz gain (prezio puztuak, gehiegizkoak eta irregularrak diren fakturazioak, bete gabeko kontratuak edo Kontsumobideren zehapen-espedienteak), zerbitzua berriz ere merkantilizatzen da, baina oraingoan, pleguak oker idazten dira, baldintzak betetzen ez dituen enpresa bati esleitzen zaio, erabakia enpresa baten gain uzten da eta, gutxi balitz, kontratazio-mahaia bera ez zegoen ondo eratuta. Eta ez dezagun ahaztu Udalak Capiol enpresa (Agbar-Suez-Aquarbeko zuzendari ohiek osatua) kontratatu zuela Eusko Jaurlaritzak bi aldiz bertan behera utzi dituen  plegu horiek idazteko; hori guztia 16.635 euroko kostuarekin.

 

Honela, kontratuen lege berria indarrean sartu zenetik, 60 kontratu ez-txiki inguru lizitatu dira eta baliteke kontratazio-mahaiak horietako askotan lege-araudiaren arabera osatu ez izana. Gai garrantzitsua da, argitu egin beharko litzatekeena eta urarekin gertatu dena udalerrirako garrantzitsuak diren beste lizitazio batzuetan gertatu ahal izanak kezkatzen gaitu.

 

Une honetan, enpresa lizitatzaileek nola jokatu duten ikusita, errekurtsoak jartzeari utziko diotenaren bermerik ez dago, ez eta  Udalak bata bestearen atzetik administrazioarekiko auzien zurrunbilo judizial batean amaitzeko ere. Duela gutxi jakin dugun Gerozerlanen kasua dugu adibide:; 15 urte eta gero, epaimahai batek  enpresari arrazoia eman dio. Eta hemen gauza bera gerta daiteke: azkenean esleipendun ez den enpresa batek lizitazioa irabaztea eta Udalak enpresari kalte-ordaina eman behar izatea.

 

Beraz, segurtasun juridikorik eza oso handia dela uste dugu eta udal gobernuari hausnartu eta   aurrera egin ez dezan eskatzen diogu. Autokritikarik eta malgutasun politikorik ezak irtenbiderik gabeko egoera batetara garamatza.

 

Beraz, EH Bildutik egoera larri honetatik atera gaitezen eskua luzatzen dugu. Izan ere, irtenbidea eta soluzioa badago. Aukera bideragarriak eta desiragarriak daude ura bidezko prezioekin kudeatu eta herritarrentzat giza eskubidea dena berreskuratzeko: Gipuzkoa osoak  kudeatzen duen moduan kudeatzea (Urretxu izan ezik, dena esan behar bada).Ez da zentzuzkoa ihesaldi honetan aurrera jarraitzea;  gelditu, hausnartu eta epe luzeko konponbidea bilatzea baizik, herritarrentzat hain funtsezkoa den kudeaketa ondo egiteko. Egin beharrekoa oso sinplea da:  uraren kudeaketa publikoa egin eta merkantilizatzeari utzi, , Gipuzkoa osoan egiten den bezala.