AKTUALITATEA


| 2024-05-20 20:21:00

Denbora asko daramagu gure planetaren ingurumen-osasunaz kezkatuta. 2019ko irailean, udalaren larrialdi klimatikoaren adierazpena sustatu genuen, eta aktiboki lan egin genuen Klima Aldaketaren aurkako plan bat egiteko. Hainbat eremutatik gure karbono-aztarna murrizten lagunduko duten neurrien aldeko apustua egin genuen, gure energia-gastua murriztuz, gure hondakinak egokiago kudeatuz, etab.


Energia-autokontsumoa bultzatzeko neurri fiskalak sustatu ditugu, eta udalerriko hainbat kontzejutan energia-komunitateak ezartzeko borrokan jarraitzen dugu, jakin badakigulako trantsizio energetikoa ezinbestekoa dela planetaren etorkizuna ziurtatzeko, eta proaktiboak eta arduratsuak izan nahi dugu.


Hala ere, ezin ditugu partekatu Solaria enpresak aurkeztuta, aldez aurretiko administrazio-baimenaren eskaera eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena direla eta, jendaurrean jarri diren «Solaria Zierbena Solar 2», «Solaria Zierbena Solar 3» eta «Solaria Zierbena Solar 4» eguzki-planta fotovoltaikoetarako eta horiei lotutako ebakuazio-azpiegituretarako dituen proiektuak.


Enpresa horrek beharrezko baimenak lortu ditu Zierbenaraino 1800 MWtako energia elektrikoa sortu eta husteko. Bolumen hori lortzeko orain aurkeztu dituenetaz aparte beste asko beharko ditu baina gehienak oraindik argitaratu gabe daude eta oraindik ebaluatu ezin diren dimentsioak, kokapenak, ezaugarriak eta eraginak dituzte.


Ezinbestekoa da lurraldean ezarri nahi diren proiektu guztiak ezagutzea, ingurumenean edo paisaian izan dezaketen eraginaren ebaluazioa egin ahal izateaz gain, nekazaritza eta abeltzaintza bezalako jarduera estrategikoetan izan dezaketena ere ebaluatu ahal izateko.

 

Zehazki, Solaria-Zierbena Solar 3 proiektuan sartzen diren 111 hektareetatik 54 balio estrategiko handiko lur gisa sailkatuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren LAPean. Proiektu hau ezartzeak, horrelako lurrak udalerrian ugariak ez direla kontuan hartuta, lehen sektoreko jardueraren garapena arriskuan jartzen du, gutxienez 30 urtez. Proiektuak berak gure udalerriko balio estrategiko handiko lurren % 9,97ren okupazioa AFEKZIO LARRITZAT jotzen du.

Hori dela eta, hain zuzen ere, gaur egun izapidetzen ari den HAPO-an autokontsumorako instalazioak errazteko neurriak jaso genituen talde politiko guztiek aho batez, eta, aldi berean, horrelako proiektuak ezartzeko mugak ezarri genituen. Zehazki, soilik ingurumen-hobekuntzako lurzoruan baimentzea erabaki zen, betiere antropizatuta bazegoen. Argi utzi genuen ez zirela inola ere baimenduko balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintza eremuetan eta horiek dira, besteak beste, Solariak bere proiektuarekin okupatu nahi dituenak.


Gaur egun, obra-baimenak etenda daude izapidetzen ari den HAPO-aren proiektua urratzen duen guztian. Solaria-Zierbena Solar 3 enpresak aurrez aurre talka egiten du bertan xedatutakoaren aurka, eta, beraz, proiektua baimentzeak udal-eskumenak urratzea eta Zigoitiko herritarren aho bateko borondatearen aurka egitea ekarriko luke.


Gainera, argitaratu diren proiektuak enpresak baimenduta dituen 1800 MW horiek sortzeko behar dituenen zati txiki bat baino ez dira, eta, beraz, horrelako lur gehiago okupatzeko mehatxua gero eta nabariagoa da. Negoziazioen eta kontratuen opakutasunak eta enpresaren gardentasun faltak landa-eremuetan bizi garenon kezka eta ziurgabetasuna areagotu baino ez dute egiten.

Horregatik, udal-gobernuko taldearekin eta eragindako gainerako udalerriekin lankidetzan arituko gara, proiektuaren aurkako alegazioak aurkezteko, bai eta abian jartzen diren herri-ekimenetan ere, Jaurlaritzari arduraz joka dezala eta ordenarik, koherentziarik eta adostasunik gabe udalerrietan ezarri nahi diren proiektuen mare magnum honetan ordena jar dezala exijitzeko.


Era berean, administrazio guztiek, behar bezala koordinatuta, autokontsumorako instalazio fotoboltaikoen eta energia-komunitateen ezarpena erraztea eskatzen dugu, gaur egun bide horretan aurkitzen dituzten oztopoak kenduz, gure lurralde osoan orokortu ahal izan daitezen.


Sozialki eta lurraldeari dagokionez bidezkoa izango den trantsizio energetiko gardena, ordenatua eta iraunkorra exijitzen dugu.