Zigoitia. 2024-12-20
Zigoitiko udalak CRADeko langileen ordutegia luzatu beharko du, atzoko osoko bilkuran EH Bilduren ekimena onartu ostean. EH Bilduk Zigoitian duen udal taldeak eguneko arretarako landa-zentroko (CRAD) langileen ordutegia zabaltzea proposatu zuen, erabiltzaileen beharretara egokitzeko. Zehazki, langileen eguneko orduak 6 ordutik 7ra aldatzea proposatu zuten, edo, bestela, lanaldi erdian pertsona bat gehiago kontratatzea.
EH Bilduk ondorioztatu zuen langileek ordu gehiago behar dituztela, gizarte langilearekin eta zentroko langileekin bilera bana egin ondoren. Maialen Bergara Zigoitiko EH Bilduko kideak hartu zuen hitza atzoko osoko bilkuran, ekimenaren alde egiteko : «Arlo soziosanitarioan, prebentzioa oso garrantzitsua da, ez da beharrezkoa langile horiek duela gutxi bizi izan duten estutasun- edo estres-une bat igarotzea konponbideak jartzeko. Prebisoreak izan behar dugu, pertsonez ari baikara, ez materialez», esan zuen Bergarak.
EH Bilduk langileen ordutegia luzatzea edo lanaldi erdiko pertsona bat kontratatzea proposatu zuen. Pertsona horrek pertsona laguntzaile bat ekarriko luke irteera bakoitzerako, zentrotik kanpo jarduerak egiteko aukera bermatuz. «EH Bilduren helburua beti izango da pertsonak erdigunean jartzea. Biztanleria ahulena zainduz eta zaintzen dituztenak ere zainduz. Kalitatezko arreta behar da. Beste udalerri batzuentzat inbidiagarria den baliabide hori apartekoa izaten jarraitzea lortu behar dugu», esan zuen Maialen Bergarak.
Gogoratu behar da Zigoitiko CRADean gaur egun 20 erabiltzaile daudela eta zentroa beteta dagoela eta itxaron-zerrendarekin. Gizarte-langileak eta erabiltzaileen senideek uste dute baliabide ezin hobea dela pertsona horiek beren gizarte- eta kultura-ingurunean mantentzeko. Orain, udalak CRADaren pleguak aldatu beharko ditu, osoko bilkurak hala erabakita.
Udal aurrekontuak
Atzoko bilkuran, gainera, 2025erako udal aurrekontuen bozketa izan zen. EH Bilduk proiektuaren aurka bozkatu zuen, udal gobernuak ez baitzion aukerarik eman negoziazio bati ekiteko, ordurako PPrekin adostu baitzituen 2025eko kontuak.
Gogoan izan behar da EH Bilduk akordioa sinatu zuela udal gobernuarekin 2024ko aurrekontuetarako eta, ildo horretan, EH Bilduko kideek salatu zuten akordio hori ez dela bete, ez baitira aurrekontuetan adostutakoak egin, hala nola alokairuzko etxebizitza babestuak sustatzea edota mantenimendurako langile bat kontratatzea.