AKTUALITATEA


| 2025-03-13 12:49:00

EH Bilduk uste du prozesua uste baino luzeago doala gaiari ez zaiolako «behar besteko lehentasunik eman»

Zigoitia. 13-03-2025 | EH Bildu Zigoitia udal taldeak mozio bat erregistratu du eskatzeko udal eraikinetan kokatutako etxebizitzak alokatu ahal izateko ordenantza apirilerako aurkeztu eta onar dezatela.

Zigoitiako etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, udalak etxebizitza ordenantza bat lantzea erabaki zuen egungo eta etorkizuneko udal-etxebizitzen modalitate desberdinetarako, eta horretarako, kanpo enpresa bat kontratatu zuen.

Hala ere, EH Bildu Zigoitia udal taldearen ustez prozesua gehiegi luzatzen ari da «merezi duen lehentasuna» ematen ari ez zaiolako. «Zigoitiko etxebizitzaren egoera jasanezina den arren, medikuaren kontsultategiaren gainean dagoen etxebizitza ordenantzarik gabe ateratzeko ideia baztertu zen, eta, erabaki horren ondorioz, urte eta erdi inguru darama hutsik», adierazi dute EH Bildutik.

Horregatik guztiagatik, Zigoitiko EH Bilduk beharrezkoa ikusten du «aurrerapauso bat ematea» eta Zigoitiko Udalaren zuzkidura-bizitokien eraikinetako zerbitzu publikoak arautzen dituen ordenantza onartzea, aipatutako etxebizitza lehenbailehen erabili ahal izateko. «Etxebizitzaren arloan, batez ere gazteen premiari erantzuteko, beharrezko urratsa da».

Mozioan udal gobernuari eskatu diote ordenantza hori apirileko osoko bilkuran aurkezteko, udalbatzak onar dezan. Halaber, mediku-kontsultategiaren gainean dagoen etxebizitza alokatzeko baldintza-agiri berria aurkezteko ere eskatu dute, etxebizitza hori alokairuan esleitzeko prozesua maiatza amaitu baino lehen irekitzeko.