AKTUALITATEA


| 2025-03-26 08:21:00

Prozesua uste baino luzeago zihoala iritzita, mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk gaia azkartzeko, eta joan den asteartean onartu zen osoko bilkuran

 

Zigoitia. 26-03-2025 | EH Bildu Zigoitia udal taldearen ekimenez, udalak gazteentzako etxebizitzak esleituko ditu datorren udan, joan den astearteko osoko bilkuran horixe eskatzen zuen mozio bat onartu baitzen.

Onartutako mozioan, udal gobernuari eskatu diote Zigoitiko Udalaren zuzkidura-bizitokien eraikinetako zerbitzu publikoak arautzen dituen ordenantza apirileko osoko bilkuran aurkezteko, udalbatzak onar dezan. Halaber, mediku-kontsultategiaren gainean dagoen etxebizitza alokatzeko baldintza-agiri berria bilkura berean aurkezteko ere eskatu dute, etxebizitza hori alokairuan esleitzeko prozesua maiatza amaitu baino lehen irekitzeko. Apirileko osoko bilkurarako izapide horiek egingo direnez, EH Bildu Zigoitiak aurreikusten du udarako etxebizitza horiek esleitzeko moduan egotea.

Zigoitiko etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, udalak etxebizitza ordenantza bat lantzea erabaki zuen egungo eta etorkizuneko udal-etxebizitzen modalitate desberdinetarako, eta horretarako, kanpo enpresa bat kontratatu zuen, baina EH Bildu Zigoitia udal taldearen ustez prozesua gehiegi luzatzen ari zen «merezi duen lehentasuna» ematen ari ez zaiolako, eta horregatik aurkeztu zuten mozioa. «Zigoitiko etxebizitzaren egoera jasanezina den arren, medikuaren kontsultategiaren gainean dagoen etxebizitza ordenantzarik gabe ateratzeko ideia baztertu zen, eta, erabaki horren ondorioz, urte eta erdi inguru darama hutsik», adierazi zuten EH Bildutik.

Igerilekuak ere, udarako

Bengolarra proiektuaz ere galdetu zuen EH Bilduk osoko bilkuran. Udal gobernuaren esanetan, udarako irekita egongo dira, baina ez da denborarik izango lan-poltsarik osatzeko.

Horren aurrean, EH Bilduk udal gobernuari proposatu dio igerilekuak zabalik egon ziren azken udan egin zutena egitea: interesdunen zerrenda bat osatu eta zozketa bidez lana esleitzea. Modu horretan, udalerriko gazteek aukera izango lukete udako lan horretan aritzeko.