AKTUALITATEA


| 2025-02-18 08:22:00

Hasierako aurrekontuan jasotakoa baino % 30eko gainkostua salatu du, udalak iragarri ondoren obra zazpi aste barru amaituko dela

 

Zigoitia. 2025-02-18 | Zigoitiko EH Bildu udal taldeak beste behin ere Bengolarrako lanak amaitzeko epea atzeratu dela deitoratu du. «Enegarren atzerapena» da, talde politikoaren hitzetan.

Atzoko osoko bilkuran, obrak amaitzeko epearen seigarren aldaketa iragarri du Udalak: «Azken txosten honetan, berriz ere amaiera-data bat dago, 7 astekoa, enpresari osoko bilkuraren erabakia jakinarazten zaionetik. Egun horretatik aurrera, azkenean, gobernu-taldeak erabaki du zigorra ezartzea obraren amaiera-data ez betetzeagatik».

Izan ere, atzerapenez gain, hasierako aurrekontua % 31,15 handitu da, geroratzeen ondoren, eta ia 4 milioi eurora iritsi da, hasierako 3 milioien aldean.

EH Bilduk jarraipen estua egin dio gaiari, 2022ko urtarrilean proiektua esleitu zenetik. «Osoko bilkura bakoitzean hainbat galdera hauek egin ditugu: obra faraonikoagatik galdetu dugu, pisuaren baldintza-pleguagatik, zeina alokairukoa izatea espero dugun, espazio partekatuekin, taberna-jatetxearen, gimnasioaren, igerilekuen eta abarren lizitazio-pleguengatik eta abar».

EH Bilduk ere galdetu du ea nola erabaki den instalazioak nola erabiliko diren, bereziki kirol-instalazioak. Udal taldeak jakin nahi du «ea galdetu duten eta parte hartu duten instalazioak erabili ohi dituzten pertsona, elkarte edota gizarte-tañde guztiek, haiek baitira gure gizarte- eta kirol-bizitza dinamizatzen dutenak », baina ez dute erantzunik jaso.

Udal Gobernuak emandako azken epearen arabera, Bengolarrako lanak apirilaren 15ean amaituta egon beharko luke, baina EH Bilduk orain arte egindako jarraipen bera egiteko borondate irmoa agertu du. «Galdezka jarraituko dugu eta informazioa emango dizuegu», esan nahi izan die EH Bilduk Zigoitiko bizilagunei.