AKTUALITATEA


| 2021-07-02 12:21:00

Maiatzaren 4an Zaldibarko Udalak korreoa bidali zuen udalekuak iragartzeko. Izen ematea maiatzaren 17tik 31ra iragarri zuen eta udalekuek astebeteko iraupena izango zutela zehaztu zuen. Hortaz gain taldeak adin tarteka antolatu ziren. Horrek familia batzuen kexak eragin zituen, askok aste ezberdinetan bidali behar zituztelako beraien umeak udalekuetara, kontziliaziorako aukerak murriztuz. Bestalde, inguruko herrietan ez bezala Zaldibarren udalak aste bakarreko udalekuak eskaini zituen. Baldintza hauek ikusita hainbat familiek izena ez ematea erabaki zuten.

EH Bilduk, arazoak aurreikusita, maiatzaren 5ean urgentziazko batzordea deitzeko eskatu zion udalari udalekuen gaia landu eta konponbidea topatzeko asmoarekin. Gure helburua izen ematea hasi baino lehen udalekuen gaia landu eta eskainitako aukerak hobetzea zen. Udal gobernuak (EAJ eta PSE), EH Bilduren eskariari muzin eginez, ez ohiko batzorderik ez egitea erabaki zuen eta maiatzaren 18rako deitu zuen ohiko batzordea. Ordurako udalekuetarako izen ematea hasita zegoen. Batzordean EH Bilduko zinegotziek proposamen ezberdinak egin zituzten egoera hobetzeko.  

COVID-19aren eraginez sei umeko begirale bat egotea ezartzen zuen Eusko Jaurlaritzak orduan, eta udal gobernuak begirale kopurua muga bezala planteatu zuen hasieratik, udalekuen aurrekontua igotzeko inolako borondaterik gabe. Udalaren aurrekontuarekin udalekuak antolatzen dituen elkarteak ezin zituen begirale gehiago kontratatu. Argi esan beharra dago udal gobernuaren erabakia izan dela udalekuak ez indartzea.

Udalaren erabakia da 2019 eta 2020ko udalekuetako aurrekontu berdina mantentzea. Gogoratu behar da 2020ko udalekuak eman ziren testuingurua: ikasturtean zehar eskolak itxita eta familien partetik beldurra nagusi zen egoeran. 2021ean egoera bestelakoa da, umeak urte osoa eman dute eskolan, eta aurreikustekoa zen 2021eko udalekuetan izen ematea handitzea. Gobernu taldea ez zen hori aurreikusteko gai izan, eta udalekuak 2020ko baldintza berdinetan planteatu zituen.

Izen ematearen ostean udalekuetarako Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak pixka bat malgutu ziren (hamar umeko begirale bat). Horrek aurrekontu berdinarekin udalekuen baldintzak malgutzea  ahalbidetu zuen eta udal gobernuak aurrez izena eman zutenei udalekuak luzatu edo aste aldaketak egiteko aukera zabaltzea erabaki zuen.  

Eta zer gertatu zen? Aurretik izena eman ez zuten familiak, udalekuen baldintzak aldatu zirela ikusita beraien seme alabak inskribatzera jo zutela udalera. Baina ezin zuten, aurretik izena emanda zutenei soilik eskaini zitzaielako aukera. Ondorioz, familia hauetako batzuek kexak aurkeztu zituen udalean. Gobernu taldeak, akatsa onartu beharrean gezurra esanez erantzun du. Erantzunean esaten du udalekuak antolatuko dituen elkarteak ez duela begirale gehiago.

Baina arazoa ez da begirale falta, udalak begiraleak kontratatzeko bideratutako aurrekontua baizik. Udalak bideratutako aurrekontuarekin enpresak ezin ditu begirale gehiago kontratatu, eta ondorioz udalak ezin dio herritar guztiei zerbitzua eskaini ez duelako horretarako diru nahikorik bideratu.

Egoera honek, beste behin gobernu taldearen ohiko jarduna definitzen du:

  1. Aurreikuspen falta eta Euskara eta hezkuntza gaiekiko utzikeria.
  2. Oposizioari informazio eza, akatsak konpontzeko malgutasun eta iniziatiba falta.
  3. Akatsak onartu beharrean herritarrei gezurrekin erantzutea.