EAJ eta PSEk plenora eraman zuten atzo alokairuzko etxebizitzak polikiroldegi parean egiteko proposamena. Gauza jakina zen proiektu hori egiteak eskolako jolastokia handitzea eragotziko lukeela, baina berdin izan die. Eskola komunitatea, 1000 sinadura baino gehiago batu dituzten jolastokiaren aldeko gurasoak, EH Bildu eta baita beraien gobernuko kide batzuk kontra egon arren berearekin jarraitu eta gaia plenora eramatea erabaki zuen Jose Luis Maiztegui alkateak. Ez dute beste balizko kokalekurik aztertu, hor egitearekin tematuta daude.
Aipatu behar da EAJn gai honekin dagoen zatiketa. Juan Mari Uriarte alkate ordeak kontra bozkatu zuen, Jose Luis Maiztegui eta Iñaki Mendiolagaraik alde, eta Izaskun Zurikarai liberatutako zinegotzia ez zen plenora joan. Bere kideek ez zekiten non zegoen plenoa hastear zegoenean. Gauzak horrela, gobernuko lau zinegotzi bakarrik agertu ziren plenora (PSEko bigarren zinegotzia gaixorik zegoen), eta EH Bilduko bost zinegotziak. Gutxiengoa ikusita alkatea erabakia gai zerrendatik kentzen saiatu zen baina ez zuen lortu, eta azkenik plenoak etxebizitzak kokapen horretan egitearen kontra bozkatu zuen (EH Bilduren bost botoei esker), gobernuaren bakardadea, zatiketa eta ahuldadea agerian utziz.
Beste hainbat proiektu ere atzera bota ziren atzoko plenoan, eskola eremuan parking bat egiteko asmoa edo Beketxeko eraikina botatzea, besteak beste. Alkateak parkingak jarri eta kotxeak erakarriz konpondu nahi du eskola eremuko trafiko arazoa. Errezeta zaharkituak, logika guztiaren kontra doazenak. Beketxeko eraikinak izan dezakeen balio historikoaren inguruan barre egin zuen, eta aldiz harro defendatu Olazarko iturria kentzea. Gure ondarearen inguruan barre egiten duen alkatea, bere ezjakintasuna eta harropuzkeria lau haizetara zabaltzen duena.
Ez dezagun pentsatu hemen bidea amaitu denik eta proiektu horrek berriz ere onartzen saiatuko ez direnik. Arriskuak bizirik dirau, eta hurrengo plenoetan ere saiatuko dira horrelako erabakiak inposatzen eta gure herriko etorkizuna kaltetzen. Beraz, adi egon behar gara, eta indarra egin behar dugu, kalean ere, atzo egin bezala.
Aparteko balorazioa merezi du alkatearen jarrera oldarkorrak. Errespetuaren muga guztiak igaro zituen, bertaratutako herritarrekin, EH Bilduko zinegotziekin eta baita bere gobernuko kide den Juan Mari Uriarte alkateordearekin ere. PSEko Jose Caro zinegotziak ere alkatearen jarrera kopiatu zuen, herriarekiko duen ezagutza falta izugarria agerian utzita.
Gainera udal baliabideak EAJren mesedetan erabiltzen dituen alkatea da Maiztegui. Jolastokia handitzearen aldeko gurasoekin egindako bilerara udal teknikariak eramateaz gain, EAJko zerrendan doazen eta zinegotzi ez diren bi pertsona eraman zituen. Esan beharra dago bi pertsona hauek onartu zutela bileran parte hartzea, beraz hauei ere ondo iruditzen zaie alderdiarentzako baliabide publikoak erabiltzea. Alkatea plenoan egia ezkutatzen saiatu zen baina azkenik egindakoa onartu zuen, harropuzkeriaz eta inolako damurik erakutsi gabe.
Laburbilduz, Jose Luis Maiztegui alkatea buru, gure herria arriskuan jartzen duten pertsonak gobernatzen gaituzte. Beraien ezjakintasuna harrokeriaz erakusten dutenak, zatituta eta beraien artean burrukan daudenak. Baina egoera honi buelta emango diogu, EH Bildu osatzen dugun pertsonok argi dugu zerbait hobea merezi dugula, gobernu dezente bat merezi dugula. Eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu, udaletxean eta kalean.