AKTUALITATEA


| 2023-03-02 11:30:00

Atzo arratsaldean alkatearen aginduz Zaldibarko udalak Sanjuangoa eraikineko balkoi bat bota zuen. EH Bilduren ustez herriko ondarearen kontrako eraso berri baten aurrean gaude. Eneritz Azpitarte EH Bilduko bozeramailearen ustez “gure ondarea erasotzen duen udal eta alkate baten aurrean gaude. Parkeko hotela botatzeko asmoari eta Olazar kaleko iturria ezabatzeari gehitzen zaio orain Sanjuangoa babestutako eraikineko balkoia botatzea”

Zaldibarko HAPOak (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) Sanjuangoa Txikia eraikina eta bere eremua babesten ditu. Literalki hau aipatzen du Zaldibarko arau gorenak: “eutsi egingo zaie bolumenei (jatorrizko ezkaratzak, balkoiak eta hegalak barne)”.

EH Bilduk berehala Sanjuangoan kendutako balkoia bere lekuan jartzea eskatu du. Horrekin batera, balkoia botatzea ahalbidetzen duen dokumentazio guztia eskatu dio udalari, baina momentuz Jose Luis Maiztegi alkateak uko egin dio EH Bilduri dokumentazio hori emateari.

Zaldibarko ondarea eta ordenamenduaren kontra egindako eraso hau salatzeko bide judizialera jotzea aztertzen ari da EH Bildu.