Datorren ostegunean, hilaren 26an, Zaldibarko Udalbatzak Arrazakeriaren aurkako Protokoloa eta Kultura-aniztasunean bizikidetza sustatzeko Planari buruz erabakiko du. EH Bilduk bi dokumentu horiek osatzeko prozesuan parte-hartu duten herri elkarteak eta, bereziki, aniztasunaren alde eta arrazakeriaren kontra dihardun Zaldibarko Jendeak taldea zoriondu nahi ditu urte hauetan egin dituzten ekarpenengatik. Berez, 2020ko azaroaren 24an talde honek mozio bat aurkeztu zuen, udalak arrazakeriaren kontrako protokoloa adostu eta gara zezan. Ekimen horri esker ditugu protokolo eta plan horiek eztabaidagai.
Hala ere, balorazioa gazi-gozoa da; alde batetik, onartu beharra dago herri elkarteek egindako ekarpen gehienak onartu direla, hala nola: Euskal Herria subjetu hartzaile gisa aitortzea, migratzeko eskubidea eta migratzera behartua ez izateko eskubidea aipatzea, Atzerritartasun-legea agente diskriminatzaile bezala definitzea, migraziorako igarobide seguruak eskatzea etabar. Baina bestalde, mugimendu migratorioak eta arrazakeria aztertzerakoan inperialismoak eta kapitalismoak duten ardura ez aipatzea diagnostikorekin huts egitea da. Estraktibismoak herriak pobretzen ditu eta jendea migratzera kondenatzen du.
Halere, zaldibartar arrazializatu eta migratuei entzun ostean, haien beharrak eta iritziak kontuan hartuta EH Bilduk aldeko bozka kritikoa emango die Planari eta Protokoloari. Lehen urrats positibo bezala baloratzen dugu plana onartzea eta hura hobetzeko konpromisoa hartzen dugu.