Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere. Izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian.
Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean.
EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Gainera, bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die. Ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari. Ez diogu uko egingo euskarak behar duen justiziari. JUSTIZIA, LEGE-BABESA ETA ARNASA EUSKARARENTZAT EUSKARAREKIN BAT.