Sopela

Uribe Kostako EH Bilduren adierazpena

Hona hemen maiatzaren 18an Plentzian Uribe Kostako EH Bilduko hautagaiek irakurritako adierazpena

| 2019-05-23 11:40:00

Euren kabuz soilik eskaini ezin zitzaketen zerbitzuak eman ahal izateko udalerrien indarrak
batzea du helburu edozein mankomunitatek. Honen oinarrian gure herrian oso erroturiko
filosofia dago, auzolana eta elkartasunean oinarritutako lankidetza, alegia.

Baina mankomunitate batek beste arlo batzuk ere jorratu behar ditu: epe luzeko helburuak eta
estrategiak, baliabideak baliatu eta optimizatzea, sinergiak bilatzea, esperientziak trukatzea eta
ekimenak koordinatzea.

Zoritxarrez, Uribe Kostako Mankomunitatea filosofia honetatik urrunduz joan da, eta, aldi
berean, egitura kontrolatzen duen alderdiaren zerbitzura dagoen jarduera mota batera
hurbilduz.

Uribe Kostako EH Bildutik gaur egun dugun errealitate hori eraldatu nahi dugu. Gure 7
herriotan bizi diren ia 40.000 biztanleen bizi-kalitatea hobetu nahi dugu, bai eta gure arteko
harremanak gero eta estuagoak bilakatu ere.

Helburu horiek lortze aldera, Uribe Kostako Euskal Herria Bilduko alkategaiok gure egiten
ditugun konpromisoak jakinarazi nahi dizkiegu Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela
eta Urdulizko herritarrei:


a) Toki garapen orekatua bultzatuko dugu, sektore guztiak aintzat harturik: nekazaritza,
abelzaintza eta arrantza, industria eta zerbitzuak (merkataritza, ostalaritza, turismoa eta
enplegu publikoa, bereziki), beti ere, gure baldintzak eta gure herrien ezaugarriak kontuan
hartuta eta enplegu gehiago eta kalitatezkoak lortzeko helburuarekin.

b) Gure ingurumena mehatxatzen duten arriskuei aurre egingo diegu eta hura babesteko
politikak gauzatuko ditugu (hondakinak zein energía eraginkortasunez gestionatzeko, kostaldea
babesteko edo mugikortasun jasangarria bultzatzeko), Berangotik Lemoizeraino.

c) Gure herrietako sektore ahulenak babestuko dituzten gizarte-politikak garatuko ditugu, Uribe
Kostan herritar guztiak duintasunez bizi ahal izateko.

d) Euskara eta euskal kultura gure politikaren ardatza izango dira, gure herri-izaeraren oinarria
direlako eta garapenerako balio erantsia ere badirelako.

e) Gure zazpi herrien arteko lankidetza estrategiak landuko ditugu, beharrak aztertzean eta
soluzioak eskaintzean eskualdeko ikuspegia txertatuta eta auzolana ipartzat hartuta.

f) Uribe Kostako egiturak demokratizatu eta dinamizatuko
ditugu
  (Mankomunitatea eta Behargintza), sentsibilitate guztiak egoki ordezkatuta egon daitezen, parte hartzeko aukera-
berdintasuna egon dadin eta biek ala biek gaurko inertzia baztertu eta ekimen berriak bultzatu
ditzaten.

Uribe Kostak bultzada berria behar du. Uribe Kosta Euskal Herri Bildu behar du.

Txabi Arribalzaga, EH Bilduko zinegotzigaia: “Zarata eta trafiko gutxiago, oinezkoentzat leku gehiago”

Aurreneko aldia da Txabi instituzioen munduan murgiltzen dela. Hala ere, eskarmentu handikoa da bai sindikalgintzan, bai herrigintzan ere (ikastola, jai batzordea, korrika…). Argi dauka Sopela erosoagoa behar dugula. Horretan, mugikortasuna funtsezkoa da.

Mugikortasuna,Saihesbideak,Trafikoa,Metroa,Sopelbus,Bidegorriak | 2019-05-23 11:24:00

Mugikortasunaren inguruan, zeintzuk dira Sopelaren arazorik larrienak?

Beste herri askotan bezala, zarata eta trafiko ugari pairatzen ditugu. Azken urte hauetan, gainera, Urdulizeko ospitalea zabaldu zenetik, areagotu egin da gure herritik pasatzen den trafikoa. Eskualdeko trafikoa da. Anbulantziek nahitaez gure herritik pasatu behar dute. Horrez gain, Urduliz eta inguruko herriak hazi egin dira. Eta azkenik, Berangoko merkataritza-zentroen arazoa daukagu: Urduliz, Plentzia, Gorliz... eskualdeko trafikoa erakartzen dute, gure herriko kaleak zeharkatuz (erdigunea eta Larrabasterra). Horrek ekarri digu lasaitasuna galtzea, umeentzako arriskuak handitzea eta kutsadura mailak igotzea, zarata barne. Era berean, gure herrian faltan botatzen dugu oinezkoentzako lehentasunezko guneak; trafikoa debekatu gabe baina abiadura murriztuz. Eta kotxea erabili nahi ez dugunontzat garraiobideen eskaintza oso eskasa da. Metroaren maiztasun txikiak kotxea erabiltzera behartzen gaitu.
 

Zeintzuk dira EH Bilduk proposatzen dituen irtenbideak?

Saihesbideak behar ditugun edo ez erabaki behar dugu. Eta behar izatekotan, zein. Gure ustez, Sopela ezin da eskualdeko trafikoaren igarobidea izan. Horretarako, dauzkagun aukeren artean, herriak erabakitzeko aukera izan beharko luke, prozesu parte hartzaile baten bitartez. EH Bildu alkatetzan egon zenean, hainbat saihesbide proposatzen zituen azterketa sakon bat gauzatu zen. Azterketa horretan oinarrituta bultzatuko genuke erabakitzeko prozesu hori. Gai konplexua da, aldagai asko hartu behar direlako kontutan: ingurune naturala, herri kohesioa, trafikoa murriztean alternatiba bakoitzak duen kostua eta eraginkortasuna. Baina herria gai da, noski, aldagai horiek baloratzeko eta bere iritzia emateko.
 

Hala ere, proposamen horrek ez du trafikoaren erabilera murrizten.

Horrela da, bai. Saihesbideen auziari erantzun bat emateaz gain, garraiobide publikoak indartu behar ditugu. Hori funtsezkoa da, trafikoa murrizte aldera. Alde batetik, Sopelan metroaren maiztasuna handitzeko jada ez dago arazo teknikorik. Egingarria da. Borondatea baino ez da behar. Sopelako herritarren bizitza hobetzeko, Metro Bilbaorekin serioski negoziatzeko konpromisoa hartzen dugu. Badakigu ez dela udalaren eskumena, baina presio politikoa egikaritzeko borondate irmoa daukagu. Prest gaude herria aktibatzeko norabide horretan. Eta argi hitz egin nahi dugu: gure ongizatea ezin da alderdi baten negozioen esku egon. Metro maiztasunaren atzean, ez dago soilik zerbitzuaren errentagarritasun ekonomikoa. Tosun eraikitzen ari diren aparkalekuan dago gakoa. Trafikoa erakarri nahi dute parking pribatu horretara, Sopeloztarrok Tosu ondoan dagoen Ibarbengoako geltokian metroa har dezagun. Negozio hutsa, mugikortasunaren kaltetan.

Horrez gain, Sopelbus zerbitzua sendotu nahi dugu. Herria kohesionatzeko baliogarria izan daiteke tresna hau. 2019an Sopelbusen hobekuntzak egitea adostu da alderdi guztien artean (ibilbidea, ordutegia). Norabide horretan jarraitzea da gure asmoa, hobekuntzak proposatuz. Esate baterako, Urdulizeko EH Bilduk elkarlanerako deia egin digu: Sopelbus Elortzaraino eramatea, udalen arteko hitzarmen bat eginez, Urduliztarrak hondartzara heldu eta Sopeloztarrak ospitalera busean joan gaitezen. Aztertzeko moduko proposamena da.
 

Aurreko legegintzaldian EH Bilduk bidegorrien sarea indartu zuen.

Eta horrela jarraitzeko asmoa daukagu. Esate baterako, programa fintzeko saio parte-hartzaileetan, eskakizun zehatz bat jaso genuen: Larrabasterra Sopelarekin lotu, bidegorri baten bitartez. Zehazki, Gatzarriñe kaletik Enrike Urrutikoetxea kaleraino, ikastolara eta Olabidera bidean doan bidegorriarekin lotuz. Ez da proiektu erraza. Foru errepidea da, espaloi estu batekin. Aztertzeko modukoa da. Udalak baditu baliabideak horrelako proiektuen bideragarritasuna aztertzeko. Borondatea besterik ez da behar. Eta gu horretarako gaude: irtenbideak asmatu eta martxan jartzeko.

 

Neurri horiek guztiek zer ekarri dezakete Sopelarentzat?

Sopela biziagoa nahi dugu: bizitzeko herri erosoagoa. Eroso umeentzat, adineko jendearentzat, dendarientzat. Herriko hezkuntza zentroak, dendak, jatetxeak, tabernak, kirol instalakuntzak.... elementu horiek guztiak elkarren artean konektatu nahi ditugu. Auzoak eta pertsonak hurbildu nahi ditugu. Ingurumena ahalik eta gehien errespetatzen duen herria irudikatzen dugu. Sopela handituz doan heinean, betiko Sopelaren bereizgarriak mantentzearen alde lan egingo dugu. Oreka zaila da, badakigu, baina esan bezala, irtenbideak asmatu eta martxan jartzeko sortu da EH Bildu.
 


 


 

ALBISTEAK

Sin excusas legales: ¡no a una zona comercial en Sopela!

2020-04-01 14:55:00

EH Bildu de Sopela fija su posición sobre el Estudio de Detalle de la parcela de uso terciario y comercial en Bareño.

Ez gune komertzial bati Sopelan: aitzakia legalik ez!

2020-04-01 14:31:00

Bareñon hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabilerako partzela baten xehetasun-azterlanari buruzko argibideak eman ditu Sopelako EH Bildu.

EH BILDUK EZETZ ESAN DIO BAREÑON MERKATARITZA-GUNEA ERAIKITZEARI

2020-03-30 21:26:00

Martxoko osoko bilkuran, joan den ostegunean, hilaren 26an, bideokonferentzia bidez, Sopelako EH Bildu Bareñon merkataritza-gune bat eraikitzearen aurka agertu zen, horrek herriko saltoki txikiei eta inguruko trafikoari eragingo lizkiokeen ondorio negatiboak argudiatuz.

EH BILDU DICE NO! A UN CENTRO COMERCIAL EN BAREÑO

2020-03-30 21:18:00

En este pleno de marzo, celebrado mediante video conferencia este pasado jueves 26, EH Bildu de Sopela se posicionó en contra de la construcción de un centro comercial en Bareño, argumentando los efectos negativos que éste ocasionaría al pequeño comercio local y a la afluencia de tráfico en la zona.