AKTUALITATEA


| 2024-04-25 19:37:00

Hiru gako, zalantza bat eta EHBilduren ekarpenak

Urte askotako aldarrikapenen ondoren, atzo (2024/04/24) Hezkuntza Sailak Sopelako hezkuntza-beharrei behar bezala erantzutea onartu zuen Zipiriñe eta Iberre ikastetxeak handituko dituela esanez Loroño eta Abaroko lurretan. Albiste bikain honek azalpena behar du.

Hiru gako…

1.- Mobilizazioa:

Sopelako eskola-komunitateak egindako mobilizazioak funtsezkoak izan dira. Erakunde bati, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, iritzia aldarazteko “bakarrik” arrazoia izatea ez da nahikoa, Sopelan urteetan egin diren mobilizazio ugari eta jendetsuak behar-beharrezkoak izan dira. Zorionak egindako lanagatik!

2.- Batasuna:

Sopelako hezkuntza-komunitateak izan duen batasuna 2021eko parte-hartze prozesuan adostutako eta onartutako proposamena defendatzeko, eta Sopelako osoko bilkuraren ia aho bateko babesa oinarrizkoak izan dira. Udaletxean 16 zinegotzik (EHBildu, EAJ, Elkarrekin eta PSE) aukera hau bultzatu dute, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri duen Sopelako Auzo Alternatibako zinegotzi bakar baten aurrean. Gero eta gutxiago ulertzen da AVSren jarrera.

3.- Eraginkortasuna:

EHbilduko alkatetza buru duela Sopelako Udalaren egungo gobernu-taldea izan duen eraginkortasuna ezinbestekoa izan da. Izan ere, urtebete baino gutxiagoan beharrezko izapide guztiak formalizatu ditu Loroñoko lursailen hirigintza-arauak aldatzeko eta Abaroko lursailen jabeekin aurretiko okupazioaren aktak negoziatu, adostu eta sinatzeko. Bi lursail horiek Hezkuntza Sailaren esku utzi ditu. Abaroko lurren jabeen jarrera ere eskertzekoa da.

Zalantza bat:

Jadanik aipatu dugu: Sopelako Auzo Alternatibak Abaroko planari jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak sortzen duen segurtasun juridikorik eza. Zer arrazoi dituzte, arrazoi pertsonalez gain, baliabide horri eusteko?

EHBilduren lana

EHBilduk egindako ekarpenak azpimarratu nahi dugu:

  • Hezkuntza komunitatearen mobilizazio guztiak babestu ditugu.
  • Eraginkorrak izan gara alkatetzan.
  • Interpelazioa egin diogu Eusko Jaurlaritzari: Leire Pinedo legebiltzarkide sopeloztarrak Cristina Uriarte sailburuari 2018ko apirilean; Rebeka Ubera legebiltzarkideak 2019ko uztailean Cristina Uriarteri ere, eta azken legegintzaldi honetan, Ikoitz Arrese legebiltzarkideak egungo sailburua den Jokin Bildarratzi.
  • Udal oposiziotik, mozioak aurkezteaz gain, 2017ko azaroan arkitektura independente batek teknikoki eta ekonomikoki garatutako proiektu bat aurkeztu genuen Loroñorako.
  • 2017an, halaber, Zipiriñerako Loroñoko lurrak erabiltzeko eta Abaroko Iberre handitzeko proposamena jendaurrean aurkeztu genuen Kurtzion.
  • 2021eko urtarrilean, aipatutako proposamena aurkeztu genion Sopelako hezkuntza-komunitateari, udalak bultzatutako eta Ibatuz enpresak kudeatutako partaidetza-prozesuan. Prozesu horretan 390 pertsonak hartu zuten parte, eta gure proposamena izan zen aukeratutakoa.

ONDO DAGO ONDO AMAITZEN DENA, baina ez da ahaztu behar Sopela ez dela inoiz agertu Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-premien planean: aurrefabrikatuen aldeko apustua egin da eta kito, eta EAJk, Josu Landaluze buru zela, egungo hezkuntza-instalazioak egokitzea eta Goiene kalea erabiltzea proposatu zuela eta aurretiaz, Gontzal Hermosillarekin, Sopelako kanpinaren inguruko lurretan institutu bat sortzea proposatu zuela.