AKTUALITATEA


| 2021-10-20 08:58:00

Ikasturte berri bat hasi da Zipiriñen, baina arazo zaharrak areagotu egin dira. Modulu aurrefabrikatuak eskolako jolastokiko paisaiaren zati bat bihurtu dira. Agerian dago, masifikazio eta espazio arazoek hezkuntzaren kalitatean eragina dutela. Iraganeko urteetan eta oraingoan eskolan egindako handitze-obrek ez dute arazoa konpondu.

Gogoratu behar dugu Zipiriñeko komunitateak zalantzarik gabeko irtenbidea adierazi zuen. Loroñon Haur Hezkuntzako ikastetxe berri bat eraikitzea. Dagoeneko 9 hilabete igaro dira eta ez gaude inolaz ere ados egungo egoerarekin:

  1. EAJ – PSEren udal gobernu taldeak ez du neurri praktikorik hartu partzela hori ahalik eta lasterren Eusko Jaurlaritzari lagatzeko.
  2. Eusko Jaurlaritza ez du oraindik konpromiso garbirik adierazi hezkuntza-zentro bat eraikitzeko Sopelan: 2 urte barru matrikulazioa aztertuko duela ez da erantzun onargarri bat. Zipiriñeko masifikazio-arazoa Eusko Legebiltzarreko hezkuntza-batzordera eramatea funtsezkoa dela uste dugu, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila presionatzeko. Otsailetik ari gara irtenbide hori planteatzen.

Zer etorkizun aurreikusten da? Argi dago, orain egiten denak bai hezkuntzaren ikuspegitik bai hirigintza eta ingurumenaren ikuspegitik Sopelako etorkizuna markatuko duela. Denon erantzukizuna da.

 

ZIPIRIÑEKO KRONIKA EDO LUZAMENDUTAN NOLA IBILI

Sarrera: Ikastetxeen egoera tamalgarria da (barrakoiak Zipiriñen, Iberre beteta eta batxilergorik gabe). Eta urrutitik dator.

1. atala: EH Bilduk zentro berri bat proposatu du Loroñon, hirigunetik gertu, herria kohesionatu eta Lemotza ingurua eraberritzeko. EAJk institutua San Andreseko ingurune babestuan egitea proposatu du, eta Zipiriñeko zati bat Iberrera lekualdatzea. Ondoren, EH Bilduren kritikak tarteko, EAJ-ak Zipiriñe bera handitzea proposatu zuen, gaur egungo jolastokian bertan.

2. atala: Hezkuntza-komunitateak, partaidetza-prozesu baten eta kontsulta baten bidez, EH Bilduren proposamena hautatzen du Zipiriñeren masifikazio-arazoari behin betiko irtenbidea emateko. EH Bilduk proposatuta, Udalbatzak aho batez onartzen du adierazpen instituzionala, eta konpromisoa hartzen du Loroñoko eremua egokitzeko eta kontsultaren emaitza Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari helarazteko. Beraz, Sopelak (hezkuntza komunitatea eta udala) irtenbide bat erabaki du.

3. atala: Eusko Jaurlaritzak luzamendutan ibiltzen da, BI URTEZ itxarotea proposatzen du, matrikulazioa nola doan ikusteko, eta ez du Sopelaren erabakia betetzeko konpromisorik hartzen. Bien bitartean, EAJ-PSEko udal gobernuak ez du ezer egiten Loroñoko lursailekin eta praktikan EAJren proposamena gauzatzen da, eskolako patioa zabalduz. Orain, gainera, ikastetxe berriaren "aukera" HAPOaren garapenarekin (beste 2 edo 3 urte) lotzen dute. Kasurik onenean, "azterlanak", "planak" eta "obrak" egin bitartean gutxienez 5 edo 6 urte igaroko dira.

Ondorioa: Ez dute errespetatzen Sopelaren erabakia (hezkuntza-komunitatea eta udalbatza). Ez dute ikastetxe berri bat egin nahi (Loroñorentzat besterik pentsatu al dute?). Aitzakiak onartezinak dira: matrikulazioa jaisten ari dela esatea, argi dagoenean masifikazioa funtsezko faktorea izan dela horretarako, eta etxebizitza berriak eraikitzeko proiektuak daudenean, jendea engainatzen saiatzea da.

Epilogoa: Herriaren eta hezkuntza-komunitatearen mobilizazioa da egoera desblokeatzeko aukera bakarra. Sopelaren etorkizunerako erabakigarria den aukera bat galtzen ari da.

ZENTRO BERRIA ORAIN! EAJ-PSE (EJ eta Udala), ERRESPETATU SOPELAREN ERABAKIA!

 

EH BILDUREN TXOSTEN JURIDIKOAK:

  1. Arau subsidarioak aldatzearen prozeduraren inguruan (2021/06/25).
  2. Arau subsidiarioak aldatzeko epearen inguruan (2021/10/26).