AKTUALITATEA


| 2023-03-10 08:08:00

EH Bilduk beti egin du Loroñoren alde, beste batzuek eskola berria San Andreseko landetan kokatu edo egungo eraikina handitzearen alde egiten zuten bitartean. Horregatik, gure lehen balorazioa positiboa da: guk proposatu genuen Loroño, gure proposamenak irabazi zuen parte-hartze prozesuan eta azkenik, herri-presioaren ondorioz (EH Bilduk ere Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen), Eusko Jaurlaritzak amore eman behar izan du. Ezin dugu gure poza izkutatu, hala ere, tentuz jokatu eta hezkuntza-komunitatearekin batera Eusko Jaurlaritzaren erantzuna sakon aztertuko dugu.

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren arduradunek jakinarazi dutenez Sopelak bi hezkuntza zentro izango ditu: egungo Zipiriñe eta beste zentro bat, Loroñon, biak independienteak, HH2tik DBH4ra arte. Bi zentroak IPIak izango dira (ikastetxe publiko integralak), hau da, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza izango dituzten eskolak. Bestetik, gaur egungo Iberren Batxilergoa emango da soilik.

 

EH Bilduk lasaitasunez eta erantzunkizunez jokatuko du, zuhurtziaz: Sopelako Hezkuntza Mahaia bildu arte (Lakuan martxoaren 9ko bilera egin baino lehen eskatuta genuen jada Hezkuntza Mahaiaren bilera hori) eta informazio ofiziala izan arte ez gara politikoki kokatuko. Dena dela, behin-behineko balorazio bat egin beharrean gaude:

 

1. Positibotzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna, baina erabakia oso berandu dator.

 

2. Bi hezkuntza-zentro independiente sortzea ez zen hezkuntza-komunitateak nahi zuena, Loroñon Haur Hezkuntza soilik kokatzea baizik. Beraz, EH Bilduk sakon eta zorrotz aztertuko ditu Eusko Jaurlaritzak proposatutako irtenbidearen ondorio praktikoak: oso kontutan hartuko ditugu hezkuntza-komunitatearen iritziak.

 

3. Lortutakoa Sopelako hezkuntza-komunitatearen garaipena da, bai kalean egindako aldarrikapenengatik, bai maila instituzionalean egindako lanarengatik.

 

4. EH Bilduren proposamena aurrera atera da eta hori berri pozgarria da guretzat. Hala ere, behin proposamen hori 2021eko prozesu parte-hartzailean hezkuntza komunitateak onartu zuelarik, Loroñoko proiektua herri osoarena bilakatu zen. Beraz, guztioi dagokigu proiektu hori babestea, errealitatea bihurtu arte.

 

5. EH Bilduk Sopelako Udalaren gobernu taldeari eskatzen dio ahalik eta azkarren gauzatu ditzala Loroñoko hirigintza-arauen aldaketa eta lur-sailaren moldaketak, Loroñoko lur-saila Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari lagatzeko.

 

6. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eskatzen diogu bere erabakia testu ofizial batean formalki jaso dezala (azpiegitura planean proiektua jasotzea, aurrekontu-partida eta kronograma zehatz batekin).

 

7. Hezkuntza Saila zorretan dago Sopelarekin: Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Sopelako hezkuntza zentroek masifikazio arazoak dituztela eta behin-betiko irtenbideak gauzatu aurretik, behar besteko neurri osagarriak egiteko konpromiso formala har dezala eskatzen diogu (esate baterako, azpiegitura planean), bai Zipiriñen eta bai Iberren hezkuntzaren kalitatea berma dadin (gaur egun hori ez da bermatzen ari).

 

8. Azkenik, ezin dugu ahaztu 2023ko udal hauteskundeak maiatzean direla eta beraz, EH Bildu zuhurtziaz eta tentu handiz hartzen ditu Hezkuntza Sailaren adierazpenak: ez dugu onartuko berri honen atzean Jaurlaritzak konpromiso formalik ez hartzea, ez urrats errealik ez ematea. EH Bildu oso zorrotz jokatuko dugu prozesu osoa gainbegiratzen.