AKTUALITATEA


| 2022-10-20 09:41:00

Artikulu honen argazkian, Josu Landaluze (EAJ) gure Udalaren alkatetza lortu zueneko egunaren momentu bat agertzen da: Ander Urrutiak (alkate-ohia, EAJren Herri Buru Batzarreko kidea eta Viuda de Sainz enpresarekin lotura zuzena duena) zoriontzen duen bitartean (ematen du "kondekorazio" bat jartzen ari diola).

 

Izan ere, EAJ/PSEren udal-gobernuak lursail bat erosi du jada polizia-etxe berria eraikitzeko, 423.500 euro ingururen truke, hain zuzen ere, Viuda de Sainz enpresari, Sopelako EAJri zuzenean lotutako enpresari, alegia. Bareñoko BM supermerkatuaren atzean dagoen enpresa bera. Aspaldian iragarritako salerosketa bat, inor ustekabean hartzen ez duena. Salerosketa Kosta Bareño S.A. enpresari esleitu zaio: enpresa horren administratzaile bakarra Viuda de Sainz da. Sopelako Udalak metro karratua 1.200€tan ordaindu du. EAJ-ak interes publiko eta pribatuak zelan nahaste dituenaren adibide garbi bat. "Dena etxean geratzen da".

 

Komisaldegi berria beharrezkoa al da?

 

Komunikabide bateko albiste batean agertzen denez, biztanle-kopuruaren hazkundea da gobernu-taldeak polizia-etxe berri bat eraikitzearen aldeko apustua egiteko arrazoietako bat. Uste dute plantilla handitu egin beharko dela, eta gaurko espazioak ez diela beharrezko agenteei zerbitzu egokia ematen. Aipatzekoa da, 13.273 biztanlerekin, udaltzaingoak 6.032 ekintza egin zituela 2021ean.

 

Sopelako udaltzaingoaren buruaren beraren arabera, gure udalerria Bizkaiko lurralde historiko osoko seguruenetakoa da. Izan ere, mantendu egiten dira bide-segurtasunari buruzko datuak (zero hildako eta oso gutxi lesionatuak, nahiz eta gure kaleetan trafikoa handia egon) eta murriztu egiten dira herritarren segurtasunari buruzko salaketak (herritarren segurtasunerako batzordea, 2021eko Sopelako udaltzaingoaren memoriari dagozkion datu estatistikoen aurkezpena).

 

 

Ba al dago dirurik komisaria berri hau eraikitzeko?


Erantzuna ezezkoa da. EAJ/PSEren gobernu-taldeak 2022ko irailera arte xahutu du diruzaintzako gastuetarako gaindikinaren %95a eta lotutako finantzaketa-gastuetarako gaindikinaren % 66a: guztira, 7.758.449 € aurten. Laburbilduz, ez dago finantzazio publikorik komisaria berriaren eraikuntzari aurre egiteko. Hori bai, Viuda de Sainz enpresak baditu gure diru-kutxa publikoen 423.500 euro bere eskuetan.

 


EH Bilduren proposamena

 

EH Bilduko sei zinegotziek ez dute obra lehentasuntzat jotzen, eta instalazioak optimizatzean oinarritutako alternatiba bat proposatu dute, 280.962 euroko kostua duena. Era berean, zerbitzua zentroan egotearen garrantzia aipatu dute, herritarrei sarbidea errazteko”.


Denok Batera-k ere, zinegotzi batekin, “alferrikako xahutzetzat jotzen dute ekimena, eta abertzaleen jarrera babesten dute egungo egoera birmoldatzeko”. Era berean, EH Bilduk herri galdeketa bat egiteko eskatu dio gobernu taldeari, "Herritarrek aukera dezaten diru publikoa nora bideratu".

 

Laburbilduz:

 

  1. Ez da beharrezkoa komisaria berri bat eraikitzea, eta gure udalerrian beste lehentasun batzuk daude.
  2. Gure Udaltzaingoaren egungo instalazioak hobetzearen aldeko apustua egiten dugu. Badugu alternatiba serio bat: Sopelako komisaria berriari ez! eta gure alternatibaren nondik norakoak.
  3. Sopelan herri-kontsulta bat egiteko eskatzen diogu gobernu-taldeari.