AKTUALITATEA


| 2022-10-31 09:27:00

Urriaren 27an, ohiko udalbatzarraren amaieran, IGE-ko guraso bati Zipiriñeren inguruko azalpenak gazteleraz egitea eskatu zion alkateak. Izan ere, zinegotzien artean badira euskaraz ulertzen ez dutenak, eta beraz, denok ulertzeko aitzakiarekin, euskarak bere lekua galdu zuen, gaztelera lehenetsiz. Sopelako EH Bilduk salatzen dugu herritar honi bere adierazpenak euskara hutsean egitea galarazi ziotela, gazteleraz egin zitzan eskatuz eta beraz, bere euskaraz aritzearen aldeko hautua kenduz eta eskubide linguistikoa urratuz.

Euskara normalizatu dadin eta euskaldunok euskaraz bizi ahal gaitezen jarrera euskaltzale tinkoa erakutsi behar dugu. Hizkuntza ezagutza ez da arazoa, hizkuntzarekiko konpromiso baizik, egon badaudelako aukerak eta medioak denok euskara ulertu dezagun (COVIDaren aurretik osoko bilkurak aldi berean itzultzen ziren). Euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa bat izateaz gai, euskara ezinbesteko ez den osagarri bat izatea lortzen dute, bigarren mailako hizkuntza bat, aukera soil bat.

Ez dugu euskararen presentzia sinboliko bat nahi gure udalean: gai garrantzitsuenak gazteleraz eta bestelakoak, euskaraz. Euskara normalizatzeko konpromiso irmoa hartu behar du Udalak. Elebidun herri bat da Sopela, eta bi hizkuntza hauek bizikide izan behar dute, beraz, Udalak berak jarri beharko ditu medioak euskaraz ez dakitenek ere euskaraz uler dezaten.

Argazkian: 2019ko Euskaraldia. Goian, ezkerrean, Sopelako udalaren alkatea, Josu Landaluze jauna. Iturria: sopela.net (2019/11/19).