AKTUALITATEA


| 2024-11-22 19:06:00

Bilera

Azaroaren 11n bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariek eta Sopelako Hezkuntza Mahaiko kideek. Bileran, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Hezkuntzako Lurralde ordezkariak eta hezkuntza azpiegituretako teknikariek hartu zuten parte; eta Sopelako Hezkuntza Mahaiaren ordezkari gisa joan ziren Zipiriñe eta Iberre guraso elkarteetako ordezkariak; Sopelako alkateordea, EHBilduk eta Elkarrekin Sopelak osatutako gobernu taldearen izenean eta EAJ/PNVko zinegotzi liberatua.

Iberre eta Zipiriñe: aurrerapausoak

Hezkuntza Saileko ordezkariek jakinarazi zuten hasiak direla Iberren batxilergoa hartuko duen eraikin berriaren lehen zirriborroa edo aurreproiektua finkatzen, eta Aste Santuan hasiko direla Zipiriñeko egungo ikastetxeko jolastokiaren estalkia zabaltzeko lanak, 2025ean zehar amaitzeko asmoa dutelarik. Lan horiek bukatuta, Eusko Jaurlaritza Loroñoko haur hezkuntzako zentro berriaren diseinuarekin hasiko da.

Oso balorazio positiboa

Sopelako Hezkuntza Mahaiak oso balorazio positiboa egin du emandako pausoez, eta Iberre handitzeko aurkeztu diren planoek euskal exekutiboak hartutako konpromisoei erantzuteko borondatea duela erakusten dutela uste du.

Hurrengo urratsak

Sopelako Udalaren aldetik, hurrengo pausoa Abaro eta Loroño lur-sailen behin betiko lagapena da (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari jadanik jakinarazi zitzaion bi lur-sail hauen prestutasuna), eta Eusko Jaurlaritzak oinarrizko proiektua lizitatu behar du, eta hezkuntza-komunitatearen eta Udalaren ekarpenak jaso ondoren, behin betiko proiektua diseinatu behar du, obrei ekiteko. Prozesu honek gutxi gorabehera 4 urte iraungo du, eta ez da ahaztu behar Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salak Sopelako Udalari Sopelako Auzo Elkarteak (AVS/SAE) Abaroko Plan Partzialaren aurka jarritako demanda helarazi diola.

EHBilduk ere oso positibotzat jo du prozesua

Guztiok nahi dugu lanak ahalik eta azkarren egitea, baina EHbilduk ere oso positibotzat jo ditu urrats hauek; gogora dezagun Zipiriñe eta Iberre handitzeko lanek urte asko zeramatzatela geldirik, eta urte eta erdi baino gutxiagoan, EHbildu buru duen egungo gobernu-taldeak Loroñoko lursailen hirigintza-arauak aldatzeko beharrezko izapide guztiak formalizatzea lortu duela, eta Abaroko lursailen jabeekin negoziatu, adostu eta sinatu dituela okupazio aurreratuko aktak, bi lursailak Eusko Jaurlaritzaren esku utzita. Azkenik, urte askotako aldarrikapenen eta mobilizazioen ondoren, apirilaren 24an, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen aipatutako lursailetan Zipirilñe eta Iberre handitzeko.