AKTUALITATEA


| 2024-03-01 14:26:00

Uribe Kostako Ehbilduko alkateak (Urduliz, Sopela, Plentzia eta Lemoiz) kezkatuta agertu dira eskualdeak bizi duen desindustrializazio prozesuarekin, orain Mecanerren itxiera mehatxuarekin gauzatzen ari dena, eta sindikatuek bihar (martxoak 2, larunbata) 17:00etan Urdulizko Udaletik deitutako manifestazioarekin bat egin dute.

Eusko Jaurlaritzari egindako eskakizunak

Alkateek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gatazka honetan aktiboki inplika dadila eta bere esku dauden bideak har ditzala Mecanerren etorkizuna ziurtatzeko; hain zuzen ere, Lakuari zuzenean eskatzen zaio Mecanerren etorkizuna bermatzea.

Etorkizun hori industria ikuspuntu ekosozialetik suspertzeko aukeran oinarritzen da. Urdulizko enpresa honen itxiera iragarri zenetik, langileek alternatiba egingarri eta eraginkor bat bilatu dute, eta azterlan tekniko bat egin da. Honen arabera Mecanerrek biziraun dezake beste mota bateko lanak eginez, eta proposamen bat egin da alternatiba ekosozial baterako, zeinak Mecanerren etorkizuna berma dezakeen, lanpostuei eutsi diezaiekeen eta trantsizio ekologikoan lagun dezakeen.

Ondorioak langileengan eta eskualdean

2023ko irailean Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera iragarri zuen. Honek 148 langileren kaleratzea eta eskualdeko ehun ekonomikoan galera handia suposatzen du. Epe laburrean hasiko da enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia eta Mecanerren etorkizuna bertan erabakiko da.

Alkateek gogorarazi dute Mecanerren balizko itxiera ez dela eskualdean jasan den industria-itxiera bakarra; Uribe Kostako industria-sektorea suntsitzen ari dela, eta eskualdea gero eta gehiago bideratuta dagoela hirugarren sektorera, edo, besterik gabe, bizitegi-funtzioa betetzera.