AKTUALITATEA


| 2022-12-28 21:54:00

"EH Bilduren lehen legegintzaldia (2011-2015) inflexio puntu bat izan zen Sopelarentzat. Orain 2011an lortutakoa errepika  daiteke". Hemen duzue Unai del Burgo zinegotziari egindako elkarrizketa.

2019ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua eta 2021eko otsailera arte udal talde horren bozeramailea. Gaur egun ere zinegotzi da Sopelako Udalean. Unai del Burgo (Bilbo, 1978) ekonomialaria da, UEUko Ekonomia Saileko kidea eta bere kontabilitate-administrazio ataleko arduraduna. UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko ikertzailea (GEZKI) ere bada eta zenbait ikasketa, ikerketa eta argitalpen egin ditu kudeaketaren, ekonomiaren zein zuzenbidearen alorrean, bereziki ekonomia sozialaren inguruan. Doktorea (Garapenari buruzko Ikasketak, HEGOA Institutua, UPV/EHU), zenbait urtez UPV/EHUn klaseak eman ditu Ekonomiaren Historiaren alorrean (2015-2019) eta UEUren Irakasleen Prestakuntza Masterrean Ekonomiaren Didaktikari buruzko modulua ematen du 2021etik. Mendizalea, bere zaletasunik handiena Euskal Herriko txokorik izktuenak ezagutzea da.

 

1. 2019ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburu izan zinen. Oraingoan zergatik ez duzu zure burua aurkeztu alkatzerako hautagi gisa?

Arrazoia erabat pertsonala da. Osasun arazo larri bat izan nuen 2021eko otsailean eta ordutik, Guruzne aritu da gure udal taldearen bozeramaile lanetan. Behin indarrak berreskuratuta honetaz konturatu nintzen: gure bozeramaileak bikain egin duela, inplikazio maila oso altuarekin, gure udal taldea ezinhobeto gidatuz, Udalaren zirrikitu guztiak ezagutuz... GURUZNEK EGINDAKO LAN GUZTI HORREK AITORPEN BAT BEHAR DU eta aitorpen hori alkatetzarako hautagaia izatea da.

 

2. Zinegotzi gisa jarraitu ezezik, zure burua Sopelako EH Bilduren arduradun politiko berria izateko ere aurkeztu duzu.

Indartsu sentitzen naiz eta guztiz motibatuta EH Bilduren herri-proiektuarekin. Oso inplikatuta nago taldearekin eta oztopo guztien gainetik jarraitzeko borondate irmoa dut. Guruznek esaten duen moduan, “plan bat daukagu eta nik ere plan horren parte izan nahi dut”. Horregatik, Sopelako EH Bilduren koordinazio politikoaren ardura nire gain hartzeko gogotsu nago. Horrez gain, 2023ko udal hauteskundeetarako gure zerrendan bigarrena izateari baietza eman diot, hau da, alkateordetzarako hautagaia izateari, Guruzneri behar duen babesa eta laguntza eman ahal izateko. Gure oinarri sozialak nire hautagaitza berresten badu, ni prest nago erronka berriei aurre egiteko. ASKO IKASI DUGU AZKEN URTE HAUETAN eta ASKO DUGU EMATEKO.

 

3. Zelan definituko zenuke Sopelako EH Bildu?

Lehenik eta behin, munizipalismoa etortzen zait burura. Gure izateko arrazoia Sopela da. EH Bildu osatzen dugunok herrian parte hartzen dugu aktiboki. Gure proiektu politikoa Sopela hobetzea da, herritarron bizi kalitatea hobetzea, alegia. Zeregin horretan, hau da, Sopela bizigarriago bat lortze bidean, Udalgintzak sekulako garrantzia du, baina ez Udala bera bakarrik, Sopela osatzen duten eragile sozial zein banakako sopeloztarrekin batera. Udalgintza Eraldatzailea edo Herrigilea deitzen diogu gure herria eraldatzeko publiko eta komunitarioaren arteko lankidetza horri. Publiko-komunitario ideia horretaz gain, balio eta printzipio zehatz batzuez ere ari gara: justizia eta berdintasuna, feminismoa, euskaltzaletasuna, ekologismoa, gizartearen zerbitzura, gardentasuna, egiazkotasuna eta konfidantza, eredugarritasuna, elkarrizketa eta akordioa, errespetua, zintzotasuna, hurbiltasuna… bai Guruznek bai gure udal talde osoak ideia guzti horiek biltzen dituztela uste dut.

 

4. Eta EH Bildu Euskal Herri mailan?

Argi daukagu berdinen arteko Euskal Errepublika bat lortze aldera, herrietatik bertatik hasi behar garela lanean, oinarrietatik eraikiko baita gure etorkizuna. Burujabetzak irudikatzen Sopelatik bertatik hasi behar gara ezkerreko independentistok. Eta ez bakarrik udalen eskumeneko gaietan, baita garrantzi politiko zabalagoko gaietan ere. Esate baterako, gatazkaren ondorioek hor diraute: euskal preso politikoek oraindik ere espetxe-zigorra betetzen jarraitzen dute, gatazka armatua amaitu eta 10 urte beranduago, hirugarren graduari heltzeko aukerarik gabe, Sare herritarrak salatu duenez. Hori da Sergio Polo gure bizilagunaren kasua.

 

 

5. Militantzia politikoaz hitz egiten da EH Bilduren kideen lana aipatzen denean.

Ez gaude Udalean interes pertsonalengatik, are gutxiago ekonomikoak. Herriarentzat lan egiteko bokazioa dugu. Horrela izan da orain arte, horrela da gaur egun ere eta etorkizunean ildo beretik jarraituko dugu.

 

 

6. Nondik dator EH Bildu Sopelan eta norantza doa?

Sopelako EH Bilduren sustraiak gure koalizio politikoaren sorrera baino aurrerago kokatzen da, Sopelako ezker subiranista hamarkada luzez bultzatu zuten zinegotzi eta militanteen lanean. Urte zailetan beraiek egindako lanak merezitako aitortza eman behar zaie.

 

Ondoren, gu guztiontzat EH Bilduren lehen legegintzaldia (2011-2015) inflexio puntu bat izan zen Sopelarentzat. 2008an hasitako krisialdi ekonomikoaren unerik gogorrean egon arren, alkatetzan egonda, Gernika plazaren peatonalizazioa egin zen, erdigunea semipeatonalizatzeko proiektua lizitatu, Iberre-Larrabasterrako igogailua, hondartzetako pasarela, Sopelbus urte osora zabaldu zen, paddle pistak, HAPO berria martxan jartzeko prozesua, Abaro desblokeatzeko hitzarmena jabeekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, jai batzordea martxan jartzea, Sopelmarreko errotonda, Urkoren berreskurapena ingurugiroaren ikuspegitik... Saioak, Alainek, Betitzek, Guillermok, Leirek, Soniak eta Fernandok egindako lana mugarri bat izan zen.

 

Tamalez, proiektu horietatik asko EAJ-ak blokeatu zituen joan den legegintzaldian (2015-2019): oso legegintzaldi gogorra izan zen eta EH Bilduk oposizio lan oso zorrotza egin zuen, oso serioa, kritikoa baina eraikitzailea. Willy, Iratxe, Ione, Juan, Ander eta Mikelek oposizio berritzaile bat zelan gauzatu erakutsi ziguten. Legegintzaldi honetan, beraien estilo bera jarraitu dugu, agendan politikoan hainbat proiektu estrategiko aldarrikatuz. Haria ezin da eten, esan dezakegu koherentziaz jarraipena eman diogula aurreko kideek zabaldutako bideari.

 

Eta hemendik aurrera, zer? Guruznek jada azpimarratu duenez, aldaketa posiblea ez ezik beharrezkoa ere bada. Gure bokazioak gobernatzeko bokazioa izan behar du. EAJ Bizkaian elefante bat dela aipatu izan dute: ia ezinezkoa dela jeltzaleak gure erakundeen agintetik kentzea. Ez gaude ados. Guk uste dugu EH Bildu oso alternatiba berritzalea eta sendoa dela. Bide berriak jorratu nahi ditugu, sopeloztarron bizi-kalitatea hobetzeko. Hobeto egin daitekeelako. Eta seriotasunez eta erantzunkizunez jokatuta (eta halaxe egingo dugu), 2011an lortutakoa errepikatu daiteke: ezkerreko udal talde subiranista batek Sopelako alkatetza lortzea.