AKTUALITATEA


| 2020-07-03 20:58:00

Maiatzeko Osoko Bilkura: txipa duen 5. edukiontzia erosteko aurrekontu aldaketa

Maiatzeko osoko bilkuran aurrekontu-aldaketa bat onartu zen, hondakin organikoak biltzeko txipa duen 5. edukiontzia erosi eta kokatzeko. EH Bilduk ez du aurka egin, 2015ean proposatu baitzuen neurri hori, alkatetza egon ginen legegintzaldiaren amaieran; hau da, lau urte baino gehiago igaro dira proposatu genuenetik, eta lau urte baino gehiagoko atzerapenarekin dator.

 

EH Bilduren kritika: plangintza eta informazio falta

Alde batetik, kritikatu egiten dugu gobernu-taldearen aurreikuspen eza, ez baitu partida hori aurreikusten, ez udal-aurrekontuetan, ez horien azalpen-memorian. Eta, beste alde batetik, salatu nahi dugu ez dagoela informaziorik erabaki hori nola hartu den eta hondakinak kudeatzeko planik dagoen ala ez, egungo bosgarren edukiontzia ordezteko.

Une honetan, hondakinen birziklatze-tasa % 15 ingurukoa da Sopelan, Europar Batasunak 2030erako ezarritako % 70etik oso urrun, eta 2020rako ezarritako % 50 baino askoz gutxiago.

 

Bosgarren edukiontzia eta Hondakinen Aholku Batzordea: atzera begirada bat

Egungo bosgarren edukiontzia EAJk proposatuta ezarri zen, PSEren eta PPren babesarekin, 2011-2015 legegintzaldian, eta, aldi berean, Sopelako Hondakinen Kudeaketa optimizatzeko Aholku Batzordea sortu zen, EHBilduk proposatuta, PSEren babesarekin eta EAJren eta PPren aurkako botoarekin.

EH Bilduren legealdiaren amaierara arte jardun zuen kontseilu horrek hondakinen kudeaketa lortzea zuen helburu, ingurumenari ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko. Sopelako hondakinen kudeaketarekin zerikusia duen guztiaren jarraipena egiteaz arduratzen zen, eta udalerriko alderdi politikoen eta elkarte-sarearen informazioa eta parte-hartzea bermatzen zuen, zati berdinetan banatutako botoarekin.

Kontseiluak hartutako erabakietako bat izan zen udalari hondakin selektiboen bilketa hobetzeko azterlan bat egiteko agintzea, lehen aipatutako Europar Batasunak ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Azterlan hori Spora ingurumen-zerbitzuetan espezializatutako enpresari enkargatu zitzaion, eta 2015ean aurkeztu zen. Azterlanean frakzio bakoitzeko hondakinen kudeaketa aztertzen zen, erabiltzen ari den ereduaren balantze ekonomikoa egiten zen eta birziklatze-tasa handitzeko egon daitezkeen agertokien konparazio bat planteatzen zen; horien artean dago txartel elektronikoz itxitako 5. edukiontzia, eta horren gainean sakondu nahi zen hura ezartzeko eta bideragarri egiteko beste azterlan batekin, EAJren udal-gobernu talde berriak egin ez zuena.

Ondoren, EH Bilduk proposatuta, 2017an aurrekontu-akordio bat sinatu zen EAJ-PSE gobernu taldearekin. Horietako batean Sporaren txostenaren jarraipena jaso zen: hondakin organikoen edukiontzi itxia ezartzeko azterketa eta proposamenak Txartel elektronikoaren kontrolarekin. Akordioaren puntu hau ez zen bete, baina ez zen izan eh Bilduren borondate faltagatik

 

Ez dugu txeke zuririk emango: proposamenak ditugu

Egungo edukiontzi marroiak huts egin du, ez du eragin esanguratsurik izan birziklatze-tasan, eta, horregatik, EHBilduk aldaketa onartzea erraztu du abstentzio baten bidez, baina erabaki horrek ez du txeke zuri bat ematea esan nahi.

Eh Bilduk birziklatze-tasa handitzeko norabide alternatibo bat diseinatzen laguntzeko prest dago, helburu eraldatzaile baten alde lan egiteko prest, normaltasun faltsura ez itzultzeko, 2030erako planifikatuta. Horregatik, osoko bilkuran 3 proposamen zehatz planteatzen ditugu.

  1. Talde guztiei eman behar zaie gobernu-taldeak egindako plan edo proiektuaren edukia. Hurrengo Hirigintza Batzordetik abiatuta, gai honi buruzko informazio- eta eztabaida-prozesu bat ezartzea.
  2. Spora txostena berrikustea eta egokitzea, egungo proiektua osatzeko.
  3. Hondakinak Kudeatzeko Aholku Batzordearen funtzionamendua berreskuratzea, nahi diren birziklatze-helburuak lortzeko foro baliodun gisa.