Abenduaren 23ko osoko bilkuran animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza onartu zen. EH Bilduk Ordenantza horren 12. artikuluari buruz ohartarazi nahi du. Artikulu horrek, baimendutako guneetan txakurrek modu librean ibiltzeko aukera aipatzen du. Hau da, Sopelako berdeguneetan txakurrentzako guneak mugarritzea.
Horrela, gobernu-taldeak (Podemosetik kanporatutako atxiki gabeko zinegotziak eskatuta) fisikoki mugatutako eta hesitutako 3 espazio proposatzen ditu, txakurrek bakarrik erabil ditzaten. Ez gatoz bat espazio horiek lehendik dauden eta pertsonek erabil ditzaketen berdeguneen kalterako izatearekin (Artatzako parkearekin gertatu zen bezala). Bizikidetza-arazo berririk sortzen ez duten espazioak eta alternatibak bilatu behar dira
Eta arazo hori dagoeneko gertatu da Iberrotako eta Etxebarri Zeharkaleko txakurrentzako parkeekin. Obrei hasiera emateko prozedura irregularraz gain (ez dago kontraturik), auzokideak kexatu dira parke berriek auzoek asko erabiltzen duten berdegunea murrizten (eta itsusten) dutelako. Leku berri bat proposatu dute: berdegunean, igerilekuen ondoan, Zipiriñeren aurrean. Erdigunean, berdea baina erabili gabea. Hori guztia udalean erregistratutako eta inguruko herritar askok sinatutako idazkian islatzen da.
EH Bildu haratago doa, Iberrotaren kasuan: guk Larrabasterrari buruzko bi proposamen ditugu gai horrekin lotuta, eta txakurrentzako parkea horien aurka doa zuzenean.
Lehenik eta behin, parte hartzeko PROZESU bat eskatzen genuen Larrabasterrako bizilagunek Udalari jakinaraz diezaioten euren auzorako ZER NAHI DUTEN. Txakurrentzako parke horrek ez die Larrabasterraren beharrei erantzuten. Ez da auzoko bizilagunen eskakizuna. Inposatuta dator.
Bestalde, txakurrentzako parke hau URKO ETA IBERROTAKO INGURU GUZTIAK eraberritzeko PROPOSAMENAREKIN KONTRAKARREAN JARTZEN DA. EAJk parke horretan egin nahi zuen
aparkalekuaren aurka agertu ginen. Ondoren, proposatu zuen jolas parke erraldoi bat eraikitzeko asmoaren aurka ere bagaude. Gure ikuspegia bestelakoa da: Larrabasterrako berdegune osoa ingurune natural gisa egokitzea proposatzen dugu, auzoko bizilagunek goza dezaten. Baita animalientzat ere. Baina asfaltozko elementurik eta hesirik gabe.
EAJk eta PSEk egindako beste ekintza bat, Podemosetik kanporatutako zinegotziaren babesarekin eta oposizioko gainerako taldeen adostasunik gabe. Azken batean, Iberrotako parkea hondatzen ari dira.