AKTUALITATEA


| 2022-01-27 18:02:00

Sopelako mugikortasunaren inguruko prozesu “parte-hartzailearen” berri izan dugu kaleetan jarritako afixen bitartez. Bertan hainbat neurri agertzen dira, ustez ere “adostuak”, afixaren arabera. EH Bildu horien kontra agertu da behin baino gehiagotan (Urgitxieta kalean bi karril jartzea; aldizkako aparkaleku gehiago erdigunean...), beraz ez daude inolaz ere adostuta.

Afixan aipatzen da Bizkaiko Foru Aldundiko errepide-planean txertatuta dagoela jada: proiektu estrategiko horren berri ezin dugu izan kartel baten bitartez! Izan ere, Urkoko saihesbidea erabateko garrantzia du Sopelarentzat, bai trafikoan izan dezakeen eraginagatik, bai eragin dezaken ondorio ekologikoengatik.

EAJ eta PSEko udal gobernua oposizioko taldeak informatu gabe hartzen ari da erabakiak, eztabaidak saihestuz eta gardentasunik gabe arituz udal organoetan: batzorde informatiboetan gaia ez da aipatu ere egin! Honek erakusten digu zein den EAJren eta egungo alkatea den Josu Landaluzeren gobernantza- estiloa: aldebakartasunez jardun, gardentasunik gabe eta prozesu parte hartzaileak erabiliz bere proiektu ez jasangarriak bultzatzeko (beti kotxearen erabileraren mesedetan eta pertsonen kaltetan).

Mugikortasunaren inguruko prozesu parte-hartzaileari buruzko informazioa gardentasunez ematea eskatu dugu urtarrilaren 27ko osoko bilkuran! Alde batetik, Udalak kontratatutako Ibatuz enpresaren eta udal talde guztien arteko bilera eskatu dugu, prozesuaren emaitzen berri izateko eta horien inguruan eztabaidatzeko. Nondik atera dira afixan agertzen diren neurriak?, herritarrek planteatu dituzte edo EAJ-ak?, prozesu parte-hartzaile “gidatua” izan da?, hau da, prozesu “ad hoc” bat?. Horrez gain, Udal gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko bilera, Urko saihesbidearen inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak duen proiektuaren inguruko informazio zehatza izateko eta azal dezaten zergatik ez duten kontuan hartzen iparraldeko saihesbidea (Inkestas), Loiola Ander Deuna deskongestionatuko lukeena eta baldintza tekniko errazagoak eta inpaktu ekologiko murritzagoa dituena. Erripatik Artadira doan errepide-proiektuaz ere ez dute ezer esaten.

Sopelan benetako galdeketa bat egin behar da, Larrabasterra eta Urko zein Munarrikolanda zonaldea betiko eralda dezakeen proiektu baten inguruan herriaren benetako iritzia ezagutzeko. Oso neurri garrantzitsua da, bai trafikoaren aldetik (eskualdeko trafikoa Larrabasterratik aterako luke), bai ingurugiroaren aldetik ere (kalte ekologiko nabaria). Sopelako herritarrek izan behar dute azken hitza, ez EAJ-ak, ez Bizkaiko Foru Aldundiak.

 

INFORMAZIO GEHIAGO

Trafiko arazoen inguruko prozesu parte-hartzaileak: EH Bilduren aldarrikapen historikoa

2021an zehar Sopelako Udalak mugikortasunaren inguruan zenbait prozesu parte-hartzaile abian jarri zituen, herriko zenbait zonaldetan trafiko arazoa konpontzeko neurriak diseinatze aldera (Larrabasterra, Akilino-Arriola, Olabide...).

Gogoan izan behar dugu trafiko arazoen inguruko prozesu parte-hartzailea martxan jartzea EH Bilduren aldarrikapen historikoa izan dela: bai alkatetzan egon zeneko garaian (2011-2015), non bai joan den legegintzaldian (2015-2019), bai legegintzaldi honetan ere. Zehazki, azken bi urteetan, EAJ/PSE eta EH Bilduren arteko 2020 eta 2021ko aurrekontu akordioetan txertatu genuen prozesu horien beharra.

 

Desadostasunak EAJ eta PSEko Udal Gobernuarekin

2020ko martxoan, Covid-19 pandemia hasieran eta konfinamenduan bertan, EAJ-ak Osteiko errepidea eraikitzeko erabakia hartu zuen, informazioa informazio-batzordeetatik pasa gabe eta
Alkatearen kalitatezko bozkarekin. Historikoki errepide hori Urdulizeko ospitalerako sarbidea izatearekin ez geunden ados.

Ondoren, EAJ-ak aldizkako aparkalekuak abian jarri zituen Bidebieta kalean: EH Bildu ere neurri honekin ez zegoen ados, trafikoa erdigunera erakarriko zuelakoan. Bestetik, Josu Landaluzek duela 3 legegintzaldi zuen proiektua txertatu zuen erdiguneko prozesu parte-hartzailean: Jauregizar Plazan lurpeko aparkaleku bat eraikitzea. Prozesu parte-hartzaile horren metodologia ez zegoen adostuta EH Bildurekin: izan ere, aparkaleku horren kontra egon gara hasieratik (berriz ere, trafikoa erakarriko zuelako erdigunera).

Azkenik, Larrabasterran egindako prozesu parte-hartzailearekin ere desadostasun nabariak izan genituen: bertan agertzen ziren neurri batzuekin ez geunden ados (esate baterako, norabide bereko bi karril Urgitxieta kalean, trafikoa azkartzeko) eta bestetik, gabezia nabaria ikusten genion proposatutako neurri zerrendari (Bizkaiko Foru Aldundiko eskumena den Urko saihesbidearen
inguruan ez zen ezer galdetzen).

Desadostasun hauek eta beste arrazoi batzuek ere bultzatu zuten EH Bildu 2021ko aurrekontu akordioa apurtzera. Ikusten denez, desadostasunak bere horretan dirau. Are gehiago, sakonagoa da EAJrekin dugun herri-ikuspegien arteko talka.