AKTUALITATEA


| 2026-02-09 21:18:00

Sopelako EAJ oker dabil

"Alkatea Maduro bezalako bere lagun ideologikoengatik kezkatuago dagoela dirudi", "gaitasunik eza", "erabateko paralisia", "utzikeria eta alderdikeria", "iruzurra", "kontakizun tranpatia", "demagogia eta sinplismoa", "adabakiak eta xahuketak" edo "adarra jotzea" bezalako adierazpenak behin eta berriz erabili ditu EAJk EH Bilduren gobernu ekintza "kritikatzeko" bere aldizkarian; hala ere, Sopelako EAJ oker dabil, probokazioa eta hitz lodiak erabiliz, gure helburu nagusitik aldentzea lortuko duela uste badu: alegia, seriotasunez eta zintzotasunez lan egitea, Sopelako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko.

Beren akatsak ezkutatu nahi dituzte

Idazkera errepikakor eta erasokor honetatik harago, harrigarria da kritika horietako batzuen edukia, Sopelan, Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan hogeita hamar urte baino gehiago gobernatu duen alderdi batetik datozenean. Galde daiteke egungo arazoak duela urtebete eskas sortu ziren edo, aitzitik, autokritika handiagoa eta tonu arduratsuagoa eskatuko lukeen jatorri askoz sakonagoa duten.

Itxura guztien arabera, hizkera amorratu horrek iraganeko eta oraingo akatsak eta porrotak ezkutatu nahi ditu, bai herri mailan (hirigintza harraparia, etxebizitza pribatua, gobernantza bertikala, kontratuak 20 urtera edo multinazionalekin, politika sozioekonomikorik eza…) bai autonomia-eremuan (Osakidetzaren, Ertzaintzaren, egoera edo ate birakariei lotutako eskandaluak). Agian, emaitzen eta lidergoaren krisi nabarmena ere estaltzea ere bilatuko du, duela gutxiko hainbat inkestek islatzen dutena.

Badirudi EAJk EH Bilduren aurkako konfrontazio liskartsuko estrategia bat ekarri nahi duela Sopelara, Espainiako Kongresuan ohikoak diren oposizioa egiteko moduak inportatuz. Bide hau akatsa da. Oposizioak arduratsua eta eraikitzailea izan behar du, betiere herritarren interesak alderdiaren interesen aurretik jarriz. Horixe izan zen, hain zuzen ere, EH Bilduk oposizioan egon zenean mantendu zuen irizpidea.

EHBIlduren lana: partaidtza eta eraginkortasuna

Udal gobernutik, partaidetzan, gardentasunean eta hurbiltasunean oinarritutako gobernatzeko modu bat bultzatzen ari gara. Udal-informaziorako sarbidea erraztu da, baita herritarrek batzordeetan, osoko bilkuretan eta partaidetza-prozesuetan parte hartzea ere. Eredu hori indartu egin da kudeaketa hurbilarekin eta entzute aktiboarekin, eta alkateak eta zinegotziek bizilagunekin egindako ehunka bileratan gauzatu da.

Ikuspegi horrekin batera, kudeaketa eraginkorra egin da, eta, horri esker, proiektu estrategiko geldiaraziak desblokeatu dira, ikastetxeak zabaltzeko bidean aurrera egin da, hirigintza-plangintza berritze bidean da, etxebizitza babestuak eta sozialak sustatu dira, eta oinordetzan jasotako arazoei eta erronka berriei erantzukizunez aurre egin zaie kirolaren, mugikortasunaren eta udal-azpiegituren arloetan.

Bide horretan jarraituko dugu, irain eta probokazioen gainetik.