AKTUALITATEA


| 2024-02-01 12:37:00

Urtarrileko Osoko Bilkuran (2024/01/31) onartu da 2024rako udal aurrekontua, 18.250.000 €-koa. Lehen balorazio batean, EHBilduk hiru ezaugarri azpimarratu nahi ditu:

*Aurrekontuak oso babes zabala lortu du

*Hauek dira EHBilduk Sopelako alkatetzan egindako lana baloratzeko aurrekontuak

*Eduki handiko aurrekontuak dira

1.- Aurrekontuek babes zabala dute.

Sopelako Udal Gobernu Taldeak (EHBildu eta Elkarrekin Sopela) aurkeztutako aurrekontuak babes zabala lortu du, aipatutako alderdiez gain, EAJk eta PSEk ere alde egin baitute. Sopelak dituen 17 zinegotzitik, ideologia ezberdinetako 16k negoziatu, adostu eta sinatu dituzte 2024an gauzatuko diren Sopelaren onurarako kontuak.

Adostasun zabal hori, lehenik eta behin, Gobernu Taldearen (EHBildu eta Elkarrekin Sopela) elkarlaneko udal-gobernantzaren aldeko apustu argian oinarritzen da, ez baitzuen matematikoki beste babesik behar aurrekontuak ateratzeko; baina adostasun zabaletara iristeko borondatea eztabaidaezina da.

Bigarrenik, eskertzekoa da alderdi politiko guztiek akordioak lortzeko egindako lana. EAJk eta PSEk proposamenak egin dituzte, baloratu, eztabaidatu, zehaztu eta kontuan hartu dira.

Itun honetatik kanpo Sopelako Auzo Alternatibako zinegotzi bakarra geratu da, itunarekin bat egitea ere proposatu zitzaion arren. Gobernu taldeak marra gorri bakarra zuen: Abaroko egungo plan partzialari babesa argia ematea, eta plan horren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa kentzea. Abaro EHBilduren programen parte izan da azken 3 udal hauteskundeetan, eta gure konpromiso nagusia da BOEen eta ikastetxeen handitzearen arloan (Zipiriñe eta Iberre, Loroño eta Abaro, bat eginda doaz). AVS/SAAri aurrekontu-akordioari atxikitzea proposatu zitzaion, Abaroko plan partzialaren garapena "de facto" blokeatuta sortu zen polemikaren konponbide eraikitzaile gisa. Ez du bat egin nahi izan. Gehiengo handi batetik kanpo geratu da. Etsigarria da. Denbora dago berriz pentsatzeko. Gure ateak irekita daude oraindik.

2.- Hauek dira EHBilduk Sopelako alkatetzan egindako lana baloratzeko aurrekontuak.

Legegintzaldia ekainean hasi bazen ere, orain arte erabilitako aurrekontuak 2023koak izan dira; alegia, aurreko udalbatzak adostutakoak, eta gobernu-talde berriaren jarduteko tartea oso mugatuta egon da. Hemendik aurrera, EHBilduk eta Elkarrekin Sopelak osatzen duten Gobernu Taldeak Sopelari erantzuteko egokitzat jotzen dituen diru partida eguneratuekin egingo du lan, eta lortutako akordio zabalaren konfiantzarekin egingo du.

3.- Eduki handiko aurrekontuak dira.

Hurrengo artikuluetan, aurrekontu-partida batzuk, edukiak eta abar baloratzeko aukera egongo da; hala ere une honetan azpimarra dezakegu adostutako zuzeneko esku-hartze batzuk eta legegintzaldian zehar Sopelarako garatu beharreko proiektu estrategikoetarako lankidetza-akordioa lau alderdion artean.

Zuzeneko esku-hartzeen artean, honako hauek aipa daitezke: (1) lorezaintzako eta bide-garbiketako zerbitzuak optimizatzea, % 71ko eta % 107ko igoera nabarmenekin; (2) Sopelako zentroa oinezkoentzat egiteko proiektua hobetzea, Udaletik Kurtzioko kultura-etxera pertsona guztien irisgarritasuna erraztea eta bidegorriak hobetzea; (3) eskola-bide seguruen proiektua bultzatzea, Zipiriñeko Eskolarekin eta Ander Deuna Ikastolarekin lankidetzan, eta Zipiriñeko Eskolan haur-jolaserako parke berri bat sortzea; (4) laguntzak eta dirulaguntzak mantentea eta Uribe Kostako Mankomunitateko gizarte-zerbitzuekiko koordinazioa indartzea; (5) tokiko garapena bultzatzea, "Sopelan" lineako, Udal Enplegu Planeko eta Merkatarien Elkartearekin lankidetza-hitzarmeneko laguntzak handituz, haren jarduera zuzenean indartzeko.

Eta proiektu estrategikoen artean azpimarratzea: (1) liburutegi berria disenatzea eta lizitazioa egitea; (2) Erripako saihesbidearen proiektua garatzea; (3) Irisgarritasun Planaren ekintzak diseinatzea; (4) Urkoko hezegunearen lehen fasearen proiektua eta gauzatzea lizitatzea; (5) Urgitxietako plaza berritzeko eta naturalizatzeko aurreproiektua finkatzea; (6) Herritarren parte-hartzea bultzatzea, Parte Hartuz UPV/EHU taldearen laguntzarekin; (7) Sopelako Kirolaren Plan Estrategikoa ezarriko duen azterlana egitea (kirol-eskaintza, klub eta elkarteekin lankidetza, instalazioak eta kudeaketa-eredua); (8) Loiola, Asu, Abaro eta Ripako babes ofizialeko etxebizitzak bultzatzea, Etxebizitza Sailarekin, VISESA eta lurren jabeekin harremanetan jarrita. ; (9) Behargintza hobetzeko ekintzak (auditoria, garapen ekonomikoa, coworking gune bat sortzeko aukera…)