AKTUALITATEA


| 2022-05-12 19:09:00

Legegintzaldi honen balantzea egiterako orduan, orohar, esan dezakegu dinamika bizia eta proposatzailea garatu dugula, borrokei eta herri-antolaketari lagundu eta ekarpena egin diegula, eta, ildo horretan, sektore askotan erreferentzialtasuna irabazi dugula, eta EH Bildu indartzeko urratsak egiten jarraitu dugula. Hori guztia testuinguru pandemikoan eta gure taldean aldi baterako bajaren bat ere izan dugulako eragozpenarekin.

 

Hori guztia oposiziotik egin dugula ahaztu gabe. Oposizio horretan, beste behin ere, gehiegitan jasan behar izan ditugu batzuen ateraldi desegokiak (zentsura-mozioaren proposamena) eta beste batzuen kontraesanak eta seriotasun falta (kirol-zerbitzuak): gure zinegotzien erantzukizunak eta pazientzia mugagabeak bakarrik ahalbidetu dute beste alderdi batzuekin batera lan egitea eta adostasunetara heltzea.

 

Datorren ikasturtean, abian dauden proiektu guztiak (eskola, Abaro eta Larrabasterra, kultura-ekipamenduak, saihesbideak eta oinezkoentzako eremuak) eta oraindik hasiberriak direnak (HAPO, etxebizitza) portu onera eramaten saiatu beharko dugu, gure programako gainerako proposamenak garatzen jarraitu, eta gure antolaketa-gaitasunari – gure gizarte-oinarriaren inplikazioa – eta komunikazio-gaitasunari buruzko guztia hobetu, eta era berean, 2023ko udal-hauteskundeetarako proiektua eta taldea diseinatzen joatea, zinegotzien taldetik harago doan taldea, hau da, dinamika instituzionala eta herrikoia osatuko duen taldea.

 

Arestian aipatutako guztiak herri bizia eta aktiboa marrazten duelako uste osoa dugu, eta hori azken urteotan erein dugun guztiaren emaitza dela, ahalegin handiz erein ere. Azken batean, gure burua prestatu behar dugu Sopelak premiaz behar duen jauzia emateko. Sopelak lidergo berri bat behar du, garai berrietako erronkei erantzungo diena, eta, horretarako, gure tresna politikoak (herriaren plan estrategikoa eta programa), antolaketakoak eta mobilizaziokoak doitzea eta eguneratzea, 2022-2023 ikasturteari berme osoz aurre egiteko.

 

2023ko udal hauteskundeetara arteko zikloa prestatzeko lehenengo urratsa eman genuen iragan apirilaren 1eko batzarrean. Bertan legealdiaren balantzea eta herriko diagnostikoan sakondu genuen. Datorren maiatzaren 20an, barikua, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Kurtzio Kultur Etxean, bigarren Herri Batzarra egingo dugu gure herri proiektuaren ardatzak zehazteko.