AKTUALITATEA


| 2021-07-29 19:03:00

EH Bilduk EAJrekin eta PSErekin sinatutako akordioarekin ez jarraitzea erabaki du, 2021eko aurrekontuak onartzea errazteko eta Sopelarako proiektu estrategiko batzuk elkarrekin adosteko. Argudiatu duenez, aurrekontu-akordioa ez da eztabaidarako eta erabaki partekatuak hartzeko foro bat, baizik eta informazio-bilera soil batzuk, non EH Bilduri gobernu-taldeak bere kabuz hartutako erabakien berri ematen zaion.

Joan den ostegunean, uztailaren 22an bere oinarri sozialarekin egindako asanblada baten ostean hartu du erabakia EH Bilduk, eta aho batez erabaki zuten duela ia urte eta erdi gobernu taldearekin hasitako negoziazio dinamika hori bertan behera uztea, 2020ko aurrekontuak onartzea ahalbideratu zenean EH Bilduren abstentzioarekin.

EH Bilduk salatu duenez, Sopelaren etorkizuneko proiektuak adosteko sortutako foroa (Batzorde Mistoa deiturikoa, EAJk, PSEk eta EH Bilduk osatua) ez da erabakiak adostasunez edo elkarlanean hartzeko organo bat, hau da, berdintasun-maila berean; aitzitik, EAJren eta PSEren gobernu-taldeak erabakiak alde bakarrez hartu izan ditu, EH Bilduren proposamenak kontuan hartu gabe. Adibide gisa, ez dira kontuan hartu Loiolako eta Asuko sektoreetako BOEen hitzarmenei egindako ekarpenak, HAPOren lizitaziorako proposamenak eta Larrabasterrako Abaro sektorearen Plan Partzialari egindako alegazioak.

Gobernu-taldeak jarduteko duen aldebakarreko modu hori nabarmena izan da Udalak bultzatutako azken parte-hartze prozesuetan, adibidez,  erdiguneko erdi-peatonalizazioari buruzko parte-hartze prozesuan edo Larrabasterrako trafiko-arazoen ingurukoan. Prozesu horietan, herritarrei helarazi beharreko informazioa eta proposamenak ez dira inoiz EH Bildurekin kontrastatu, nahiz eta behin eta berriz kontraste hori eskatu.

Bestalde, EH Bilduren arabera, atzerapen handiak daude zenbait proiektu estrategikotan. Esate baterako, Loroñoko lursailen egokitzapena, Zipiriñeko eskolarako hezkuntza-eraikin berri bat eraikitzeko. Orain arte ez da ezer egin gai horretan. Bitartean, ustez aldi baterako neurri gisa, egungo Zipiriñetik gertu dagoen Goiene kalea berehala egokitu egingo da egungo eskolako patioa handitzeko. Hau da, praktikan, hezkuntza-komunitateak (eskola-eraikin berria Loroñon) erabakitakoa urratzen ari da, eta EAJren alternatiba martxan jartzen. Adostutako proiektuen atzerapenarenaren beste adibide bat etxebizitza hutsen mobilizazioa aztertzea da, Eusko Jaurlaritzaren Alokabide zerbitzuaren esku jar daitezen, ondoren alokairu publikoan jartzeko. Gaur
egun, proiektu horretan ez da ezer aurreratu.

Aurrekontu-akordioaren balorazio negatibo horri Sopelako egungo egoera politikoa gehitu behar zaio, bai eta EH Bilduk EAJ eta PSErekiko duen konfiantza falta ere: gobernu-taldearen zenbait jarduerarekin batera, zeinetan EH Bildu erabat aurka agertu baita (Bareñoko BM hipermerkatua, Osteikoko bideoaren irekiera, Ernaiko gazteen aurkako udaltzaingoaren jarrera), EH Bilduk azpimarratu du azken bi hilabeteetan Sopelako Udalean izandako gertaera polemikoak (kiroldegiaren 20 urterako lizitazioa modu irregularrean onartzea eta oposizioko zinegotzi den Patricia Alfonsoren liberatzeko proposamena).

Azken batean, horrek guztiak bideraezina egiten du EH Bilduk ustez aurrekontu-akordioaren bidez babesa ematen jarraitzea gobernu-taldea unilateralki hartzen ari den erabakiak, akordio horretan jasotako Sopelarako proiektu estrategikoen inguruan.

Aurrekontu-akordioaren eta batzorde mistoaren formula alde batera utzita, EH Bilduk, orain arte bezala, oposizio kritiko eta eraikitzailea egiten jarraituko du, ekarpenak eginez eta alternatibak proposatuz, eta Sopelarentzat garrantzitsuak diren gai guztietan gainerako udal-taldeekin eta gizarte-eragileekin hitz egiteko, lankidetzan aritzeko eta adostasunetara iristeko borondatea agertuz, betiere sopeloztarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.