AKTUALITATEA


| 2023-11-30 08:50:00

Sopelako Udalak adierazpen instituzional bat adostu du Palestinaren egoerari buruz, eta honen bandera udaletxeko balkoian jarrita dago. Adierazpena Nazio Batuen Erakundeak Palestina Herriarekiko Elkartasunaren Eguna ospatzen den egun berean izan da onartua.

Adierazpen honetan Palestinako eta Israelgo pertsona zibilen hilketa guztiak deitoratu eta arbuiatzen dira; elkartasuna eta babesa adierazten zaie biktima guztiei, bereziki hildako 5.000 adingabe baino gehiagori, gehienak palestinarrak, eta Ivan Illarramendi euskaldunaren eta Loren Garcovich haren bikotekidearen senide eta lagunei.

Palestinako herriak pairatzen duen giza eskubideen urraketa salatzen da, eta su-eten iraunkorra eskatzen zaio Israelgo estatuari, laguntza humanitarioa mugarik gabe sartzea erraztuz eta funtsezko zerbitzu guztietarako sarbidea berrezarriz. Testuinguru horretan, Gizateriaren Aurkako Krimentzat jotzen da Gazatarren aurka egiten ari den zigor kolektiboa, eta kezka agertzen da Zisjordanian gero eta handiagoa den indarkeriagatik.

Azkenik, eta Israel eta Palestinarako NBEren ebazpenen ildotik, gatazka amaitzeko konponbideak ezartzeko Nazioarteko Konferentzia bat deitzea eskatzen da bi estatuen eraketan oinarrituta, Palestinak Zisjordania, Gaza eta Jerusalem Ekialdea barne hartzen dituen estatu bideragarri eta seguru baterako duen eskubidea gogoraraziz.

Adierazpen instituzionaletik harago

Sopelako EHBilduk oso positibotzat jotzen du aho batez hartutako erabaki hau, eta gogorarazi nahi du Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren egungo egoera prozesu historiko luze baten ondorioa dela. 1947an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 181 ebazpenean, Palestina bi estatutan banatzea erabaki zuen, bata arabiarra eta bestea judua, Jerusalementzat nazioarteko erregimen berezia zuena, eta 1948an, Israelek independentzia aldarrikatu zuen. Egun horretan bertan, inguruko herrialde arabiarretako armadek estatu judu berriari eraso zioten eta lehen gerra arabiar-israeldarra hasi zuten.

Ordutik hona, asko izan dira Israelen eta Palestinaren arteko liskar armatuak, eta Nazio Batuen adierazpenak ugariak izan dira bi estatuen onarpenean oinarritutako konponbide baten alde, Israelgo estatuak beti entzungor egin dien adierazpenak. Horregatik, sinplea da egungo egoeraren jatorria Hamasen urriaren 7ko erasoan kokatzea eta ez salatu palestinar herriak pairatzen ari den genozidioa: UNRWAren arabera (Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Erakundea), azaroaren 18ra arte 13.000 pertsona hil dituzte Gazan urriaren 7tik; horietatik ia % 75 haurrak, emakumeak eta adinekoak dira, eta ia 1,7 milioi pertsona desplazatu dituzte.