AKTUALITATEA


| 2021-05-06 11:20:00

Olabide: EAJ-k radarrak jarri eta sakanguneak kenduko ditu

Correok argitaratutako berri baten bitartez (https://labur.eus/N6r2g) zabaldu da EAJ/PSEren Udal Gobernuak radarrak jarri eta sakanguneak kenduko dituela, Olabide kalean. Neurri hauen helburua, anbulantziei eta ospitalera doazen autoei bidea erraztea da.

 

EH Bildu: Olabide ezin da izan Urdulizeko ospitalerako sarbidea

Gure ustez, neurri hauek Olabide kalea ospitalerako sarbide bihurtzen dute, trafikoa erakarriz eta auzokideen segurtasuna eta bizi-kalitatea kaltetuz. Are gehiago, Olabiden jarritako neurriek Larrabasterran (bereziki, Gatzarriñen) eragingo dute negatiboki. EH Bildun ez gaude radarrak jartzearen kontra, baina ez gaude ados sakanguneak kentzearekin. Olabide auzoarentzat irtenbide bakarra trafiko-saihesbideen prozesua berehala martxan jartzea da.

 

Osteiko eta Olabide: atzera pausu bat

Gogora dezagun iazko martxoan, Covid-aren konfinamendu gogorrenean EAJ/PSEren Udal Gobernuak osoko bilkurara eraman zuela Osteikoko errepidearen irekitze lanak. Errepide horren kontra bozkatu genuen. Izan ere, joan den legegintzaldian erabakitakoaren kontra egiten baitzuen (hau da, Osteiko ez izatea ospitalerako sarbidea). Osteiko irekitzean eta sakanguneak kentzean, Sopelako EAJ-ak iazko legegintzaldiko erabakien kontra egiten du. Bitxia bada ere, EAJ bera izan zen sakanguneak jarri zituenak. Gontzal Hermosillak jarri, Landaluzek kendu.

 

 


INFORMAZIO GEHIAGO SAIHESBIDEEI BURUZ

 

Sopelako trafiko arazoak: zatitzen duten errepideak

Ezin da Sopelako erdigunea berrantolatu (ikus https://labur.eus/xSnvJ) gure herria zeharkatzen eta zatitzen duen eskualdeko trafikoaren arazoa konpondu gabe (Erdialdea, Larrabasterra, Olabide). Uribe Kosta osoaren hazkundeak eta Urdulizko ospitalea edo Berangoko Megapark eraikitzearekin batera, trafikoaren arazoa larriagotu du. Bareñon hipermerkatu bat eraikitzeak jada nahiko larria zen egoera areago okertuko du. Eta arazoa ez dira auto-ilarak, baizik eta bizi-kalitatearen galera (segurtasuna, lasaitasuna, ongizatea...). Irtenbidea ez da zirkulazioa arinagoa izatea (semaforoak kendu, pasabide jasoak...), baizik eta trafikoa gure kaleetatik kanpo birbideratzea (saihesbideak), eta garraiobide alternatiboak bultzatzea (bidegorriak, metroa, Bizkaibus, Sopelbus).

 

Parte-hartze prozesu bat

Saihesbideak behar ditugun ala ez erabaki behar dugu. Eta, behar izanez gero, zein bultzatuko dugun. Uste dugu Sopela ezin dela eskualdeko trafikoaren igarobide izan. 2011-2015 legegintzaldian EH Bildu udalean buru izan zenean, eskualdeko trafikoaren arazoari buruzko azterketa sakon bat egin zen, hainbat irtenbide integral proposatuz (https://labur.eus/XJbTt). Azterketa horretan oinarrituta, gaiari buruzko informazio- eta eztabaida-prozesu bat proposatu dugu. Gai konplexua da, aldagai ugari hartu behar baitira kontuan: ingurune naturala, herriaren kohesioa, trafikoa murrizteko aukera bakoitzaren kostua eta eraginkortasuna. Baina Sopela herri gaztea eta aldi berean heldua da, bere etorkizuna planifikatzeko erronkari aurre egiteko.

 

Eh Bilduren proposamen zehatzak

1) Erripako saihesbidea eraikitzea, herriko erdigunea (Sabino Arana kalea) lasaitzeko jarduketak erraztuko dituelako, Urdulizerako trafikoa (Loroño kalea) desbideratuta..

2) Iparraldeko saihesbidea: Loiola-Ander Deuna kaleko eskualdeko trafikoa Ingestabaso kaletik desbideratzea, Sopela bi zonatan banatuta egotea eragotziz (Larrabasterra eta Asu-Bareño).

3) Hegoaldeko saihesbidea: Urkoko bidea eraikitzea, Urgitxieta kaleko trafikoa Unbe edo Urdulizerantz desbideratzeko.

4) Metroaren maiztasun handiagoa, Bizkaibuseko A3531 (Mungia) eta A3451 (Armintza) lineen maiztasun hobeak eta Sopelbusekin sinkronizatzea.

5) Sopelako eta Uribe Kostako bidegorrien sarearen garapen integrala.

 

 

EH Bilduren eta EAJ/PSEren arteko 2020ko aurrekontu-akordioa

 

"Sopelako trafikoaren arazoaren alternatibei buruzko parte-hartze prozesua. Urdulizko ospitalea ireki denez, udalerria azkar garatu denez, biztanleria asko hazi denez, Berangoko merkataritza-guneak inauguratu direnez, eta, ondorioz, trafiko-arazoak sortu direnez, 2016ko martxoko osoko bilkuran onartutakoa kontuan hartuko da, eta benetako partaidetza-prozesu bat abiaraziko da, sopeloztarrei arazo horri eta izan ditzaketen aukerei buruzko informazio guztia emateko eta eztabaida publikoa bermatzeko. Parte-hartze prozesu horren emaitzekin, Sopelako Udalak konpromisoa hartzen du Bizkaiko Foru Aldundiari aukera hori garatzeko eskatzeko, eskualdeko trafikoaren arazoari konponbide orokorra, iraunkorra eta epe luzekoa emateko".

 

"Sopelako erdigunearen deskongestioa, Erripako saihesbidearen bidez. Proposatzen dugu abian jartzea Erripako saihesbidea diseinatzeko eta eraikitzeko prozesua, Udalak berak Bizkaiko Foru Aldundiaren parte-hartze zuzenik gabe egin dezakeen aukera bakarra, epe laburrean Sopelako erdiguneko trafikoa desbideratzeko eta hura oinezkoentzat jartzeko prozesua errazteko, eremu horretan disuasio-aparkaleku bat jartzeko aukera irekiz ".

 

"Bidegorri sarea handitzea. Sopelako bidegorrien sarea legegintzaldi honetan osatu eta batzeko benetako konpromiso loteslea ".