Lehenik eta behin, gure poza azaldu nahi dugu, kasu hau artxibatu eta lau sopeloztar gazte hauen aurkako zigor guztiak bertan behera geratu direlako. Bost urteren ostean, auzia artxibatu egin da, baina ezin da ahaztu 5 urte hauek pertsona horien bizitza baldintzatu duen amesgaiztoa izan direla, helburu argi batekin: herri mugimendu aldarrikatzaileetan modu aktiboan lan egiten duten pertsona guztiak zigortzea eta izutzea.
Amaiera desiratu honek ezin dizkigu isiltasun onartezinak ahantzarazi. Polizia nazionalak atxiloketa egin zuenean, 2021eko uztailaren 22an, EHBilduk premiazko mozio bat aurkeztu zuen atxiloketak arbuiatzeko, arbitrariotzat joz, herri-mugimenduaren aurkako jardueren kritika zabalago baten barruan kokatuz eta atxilotuekiko elkartasuna eskatu zuen. Mozioa EZ ZEN ONARTU osoko bilkuran: EHBilduren aldeko botoak baino ez ziren izan, EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten eta Elkarrekin-Podemos eta DB/TU abstenitu egin ziren.
32 urteko kartzela-zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatzen ziren gazte horien aurka, joko-areto bat zabaltzearen aurkako mobilizazioengatik (eskaera burugabea, hankarik eta bururik gabekoa). 4 urteko itxikeriaren eta inolako akordiorik lortu nahi ez izanaren ondoren, mobilizazioak eta elkartasunak lortu dute: fiskaltza erretiratuta zegoen, eta, azkenean, artxibatu egin dute kasua.
Berriro ere gure poztasuna, eta elkartasuna lau gazterekin eta herri mugimenduarekin.