MECANER enpresako langileen egoera dela-eta JAKINARAZPENA
Urriaren 7ako manifestazioarekin BAT EGITEA
STELLANTIS taldeak EEE AZKENTZAILEA abiatu nahi du MECANER lantegian. Espedientearen bidez, lantegia itxi eta plantillako 144 langile eta garbiketa-azpikontratako 4 langile kaleratu nahi dituzte. Beraz, asmo horren aurrean, SOPELAKO EH BILDUK, ELKARREKIN SOPELAK eta SOPELAKO AUZO ALTERNATIBAK honako jakinarazpen publiko hau ezagutarazten dute:
Mecaner ibilbide luzea duen enpresa da, 1961ean sortu baitzen. Mecaner, 2021ean, Stellantis taldean integratu zen, talde hori izanik beste talde biren batura: batetik, FCA talde italo- estatubatuarra, eta, bestetik, PSA talde frantziarra (Peugeot, Citroën, DS eta Opel bezalako markak barnehartzen ditu). Mecaner, harrez gero, taldearen marketarako baino ez du matrizerik egiten. Stellantis Mecanerren kargu egin zenetik, etengabe murriztu da lantegiaren lan-karga, nahiz eta 14 marka baino gehiago izan. Lanik gabeko aldi luzeak sortu ditu, Low herrialdeetara (Txina, esaterako) eskaerak bidaltzen ditu, eta, horrez gain, 2022ko itxiera ere, nahiz eta 179.600 milioi euroko fakturazioa eta hazkunde historikoa eduki. Iaz, guztira, 16.779 milioi euro garbiko irabaziak izan zituen, 2021ean baino %26 gehiago.
Mecaner eskualdeko erreferentea izan da eta oraindik ere bada, eta pisu espezifiko handia dauka Urdulizko eta inguruko herrietako enpleguan. Horregatik, bada, planteatutako EEE azkentzaileak oso modu negatiboan eragingo lioke gure eskualdeari, bai lan-arloan, bai gizarte-mailan.
Horregatik guztiagatik, STELLANTIS taldeko Zuzendaritzak EEE azkentzailea hasteko duen asmoaren aurrean, SOPELAKO EH BILDUK, ELKARREKIN SOPELAK eta SOPELAKO AUZO ALTERNATIBAK honako hau adierazi nahi dute:
1. Gure gaitzespena eta kezka agertu nahi ditugu STELLANTIS taldeak hartutako neurria dela-eta; izan ere, 148 lanpostu suntsitu eta galarazteaz gain, gure herriko eta eskualdeko industria-ehuna ere galduko da, eta horrek ondorioak ekarriko ditu lan-arloan eta gizartean.
2. Elkartasunik sakonena eta babesik handiena eskaini nahi dizkiegu MECANER enpresako langileei.Horrela, babesten ditugu euren aldarrikapenak, eta, era berean, izango dute gure laguntasuna, bai eta, ahal den neurrian, udalak bere lanpostuak defendatzeko dituen baliabideak ere.
3. Eskatzen diogu STELLANTIS taldearen Zuzendaritzari, batetik, bilera bat egin dezala enpresa-batzordearekin; eta, bestetik, hitz egin dezala eragindakoekin, hartutako erabakia lehengoratzeko, eta, ondorioz, industria-plan bat egiteko, helburua baita lantegiko enplegua eta etorkizuna bermatzea.
4. Eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta gainerako instituzioei aktiboki inplika daitezela Urdulizko MECANER enpresarako irtenbide bat bilatzeko.
5. Bat egiten dugu MECANEReko plantillak deitutako manifestazioarekin. Urriaren 7an egingo da, 17:30etan, Urdulizko Udaletxetik abiatuta, eta haren helburua izango da industria eta etorkizunaren alde egitea. Halaber, dei egiten diegu herritar guztiei elkarretaratzera etor daitezen. Salba dezagun MECANER.