AKTUALITATEA


| 2021-07-13 17:48:00

LARRABASTERRAKO MUGIKORTASUN PLANA

Sopelako Udalak Larrabasterrako trafiko-arazoei buruzko prozesu partehartzailea abian jarriko du (ikus Udalaren webgunea). Urgitxieta plazan izango dute auzokideek prozesu horretan parte hartzeko aukera, ostiralean eta larunbatean (uztailak 16 eta 17), 11.00etatik 14.00ak arte eta 17.00etatik 20.00ak arte. Udalaren webgunearen bitartez ere bete daiteke galdetegia (ikus galdetegia). Horrez gain, uztailaren 20an, 17.30etan Kurtzion saio presentzial bat egongo da, ekarpenak jaso eta eztabaidatzeko. Prozesu hau ez da hemen bukatuko eta irailetik aurrera beste saio batzuk izango dira, Sopelaren trafiko-arazoak modu globalagoan aztertzeko. Legegintzaldi honetako aurreko prozesuetan bezala, I-batuz enpresak kudeatu du Larrabasterrako prozesua.

 

EH BILDUREN EKIMENA
Bai 2017an EAJrekin sinatu zen aurrekontu akordioan (bete gabea), zein 2020/2021an adostutako aurrekontu-akordioetan Sopelako trafiko-arazoei aurre egiteko alternatiben inguruko prozesu partehartzailea proposatzen zuen EH Bilduk. Legegintzaldi honetako aurrekontu-akordioan, Larrabasterra biziberritzeko plan bat osatzea ere proposatzen genuen, auzokideen iritziak jasoz. Izan ere, gure ekimen eta proposamen guztien helburua herritarron ongizatea eta bizi-kalitatea bilatzea da eta bi proiektu horiek helburu horrekin bat egiten dute erabat.

 

LARRABASTERRAKO PROZESUAN AGERTZEN DIREN PROPOSAMENAK EZ DIRA EH BILDUREKIN ADOSTU
EAJren erabakia izan da trafiko-arazoen inguruko prozesua zatika egitea eta lehen urratsa Larrabasterran galdeketa abian jartzea. Data zehatzik ez genekien, bai ordea uztailan izan behar zuela prozesu horrek. Edonola ere, metodologia baino edukiaz arduratuta geunden: prozesuan agertu beharreko proposamenak ezagutu nahi genituen, aldez aurretik, guk ere proposamenak egiteko. Horrela, bilera eskatu genuen I-batuz enpresarekin eta udal gobernuarekin. Bilera hori ez da inoiz egin eta Udalaren webgunearen bitartez izan dugu prozesuaren berri. Beraz, prozesu partehartzailean agertzen diren proposamenak ez dira EH Bildurekin adostu. Horrez gain, gaia ez da hirigintza informazio-batzordean aipatu eta ondorioz, oposizioaren gainontzeko udal taldeek ez dute izan prozesu honen berri.

 

EH BILDUREN KRITIKAK ETA EKARPENAK

EH Bilduk honako kritikak eta ekarpenak egiten dizkio Larrabasterrako prozesu partehartzailean agertzen diren proposamenei, beti ere ingurumenaren, oinezkoen lehentasunaren eta auzokideen bizi-kalitatearen mesedetan:

  1. Hegoaldeko saihesbidea (Urko saihesbidea). Alternatiba hori ez da prozesu partehartzailean eztabaidatzen. Larrabasterrako auzokideek aukera izan behar dute saihesbide horren alde edo kontra dauden esateko. Kostu ekonomiko eta ekologiko handiko saihesbidea da, ingurune naturalean eragina duena. Bestetik, eskualdeko eta ospitalerako trafikoa Urgitxieta eta Gatzarriñe kaletik aterako luke. Gai konplexua da, garrantzitsua, eta auzokideek iritzia eman behar dute, nahiz eta saihesbide hori egiteko eskumena Bizkaiko Foru Aldundikoa izan.
  2. Urgitxieta eta Gatzarriñe kaleetan aparkaleku-ilara bat kendu, bigarren errai bat sortuz, trafikoa arintzeko. EH Bilduren ustez, trafikoa arintzeak ezin dio auzokideen bizikalitateari negatibokiko eragin behar. Oinezkoentzako lehentasuna bermatu behar da. Bi errepide-errai jartzea Gatzarriñen ez du aipatutakoa ahalbideratzen, kontrakoa, trafikoari azalera gehiago ematen zaio. Bigarren errail horren luzeera mugatzea eskatzen dugu, Gatzarriñeko biribilgunean bertan trafikoa arintzeko asmoarekin soilik.
  3. Abaro sektorearen garapenak sortuko dituen trafiko-arazoak konpontzeko alternatibak. Iberre kalea erdi-oinezkoentzat bihurtzearekin ados gaude (gure alegazioetan agertzen da), baina zalantzak ditugu Abaro kalea sarbide gisa bideragarria izan daitekeenik. Hori dela eta, bi sarbide berri proposatzen genituen alegazioetan, bata Iberrota kaletik eta bestetik, Gobelondo kaletik. Proposamen horiek ez dira prozesu partehartzailean kontutan hartu.
  4. Loiola Ander Deuna kalean semaforoak kendu eta biribilgunea jartzea Arrietarako sarbiderako. Semaforoak kentzeak eta biribilgunea jartzeak trafikoa arintzea du helburu eta guk ez dugu neurri horiekin bat egiten, oinezkoentzako segurtasunaren kontra doalako eta bestetik, biribilgune horrekin, Barinatxe eta Arrietarako hondartzetara doan trafikoa erakarriko du. Helburua ez litzateke trafikoa arintzea izan behar, trafiko hori iparraldeko saihesbidetik bidaltzea baino (Landaluze kalea).

AUZOKIDEEN PARTE HARTZEAZ
EH Bilduren ustez, Udalak herritarron parte hartze zuzena bultzatu behar du politikan, hau da, udalgintzan, udaleko erabakietan. Larrabasterrako prozesua kritikagarria da bertan jasotzen diren proposamenen aldetik baina egia da ere auzokideok aukera izan dezakegula proposamen horien inguruan gure iritzia emateko, modu kritiko eta sortzaileaz.